Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "El olvido de un Reyno"

"El olvido de un Reyno"

amat 2006/01/29 17:43

Iruñeko Baluarten aurreko ostegunean irekitako “La edad de un Reyno” erakusketak merezi du bisita, bisitariak aldez aurretik itxaro lezakeenik aurkituko ez badu ere. Ikusiko du, bai, estetika eta teknika berriko agerraldi zoragarria --baita beste behin nekez topatu ahal izango dituen 250 inguru artelan, liburu eta agiriren bilduma ere-- baina ezer gutxi, ostera, guzti horren atzekaldean daudekeen gertakariez.

Erakusketak Nafarroaren historiaren bizpahiru mende laburbiltzen ditu, Aritza dinastia ostean sortu zen Ximeno dinastiarekin hasi (Antso I.a Gartzes, 905-928) eta Nafar dinastiarekin amaitu (Antso VII.a Azkarra, 1194-1234), Antso III.a Nagusiaren (1004-1035) eragina eta emaitza azpimarratuz batez ere.

Historia askorik ezagutzen ez duenak ere jakin badaki XI. eta XII. mendeak zein garrantzitsuak izan ziren Euskal Herriko historia erabakitzerako orduan eta, zentzu honetan, ezin nabarmenago Nafarroako Gobernuak pasa-misi egin nahi izan diela komenigarri iruditu ez zaizkion gaiei.

Zenbaitek esan dezake erakusketak ez duela politika helburutzat, kultura baino; baina, esanak esan, ezin gero ulertu nola arraio ez den aipatu ere egiten 1167ko agiria, non Iruñeko Gotzainak euskara “lingua nauarrorum” gisa adierazi zuen. Auskalo politikakeria ote litzatekeen gogoratzea, baina ez behintzat ahaztea baino gehiago.

Era berean, ez diogu erakusketari Nafarroaren euskal jatorririk behin eta berriz aldarrikatzea eskatuko, baina lotsagarri samarra ere bada behin ere ez gogoratzea, “hispaniar” atxikimendua minutuoro oroitarazten den bitartean sarrerako bideoan eta Miguel Sanz presidenteak, berriz, bost aldiz bere hitzaurrean aipatu... Menéndez Pidalen iritziaren kontra, hain zuzen ere.

Umekeria samarra ere, azkenik, Nafarroako kateen jatorria Navas de Tolosako batailan kokatu nahia, honez gero kontu jakina baita kateok bataila hori gertatu aurreko armarrietan agertzen direna. Gauza bat da mitoak ez uxatzea eta beste bat, berriz, erakusketa ofizial batez, premiarik gabe, indartu nahi izatea.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: