Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Larre motzekoak

Larre motzekoak

amat 2006/01/22 20:03

Bi hilabete eskasean euskalgintzaren hiru harribitxi joan zaizkigu harrapaladan: Juan Mari Lekuona, joan zen hilaren 5ean, Lurdes Iriondo, urte hondarreko 27an, eta Patxi Altuna, aurreko ostiralean. Hirurak polifazetiko samarrak izan arren, berba bakarraz laburtzekotan, Lekuona olerkaria izan zen, Iriondo kantaria eta Altuna filologoa. Eta hirurak, batez beste, larre motzekoak, urritasunean eta zailtasunean hazi eta hezitakoak alegia.

Juan Mari, Lurdes eta Patxi, hamar urteren bueltan belaunaldi beretsukoak izateaz gainera, giro eta andana berekoak izan ziren: kristauak, euskaltzaleak, militanteak, euren herriarekiko konpromisoaren jabeak, askatasun eta giza-eskubide aldarrikatzaileak, behargin amorratuak, ondo egindako lanaren artesau zorrotz eta sotilak.

Patxi, Lurdes eta Juan Mariren emaitza zehatzak liburu-apaletan, diskografian zein interneten aurkituko ditu irakurle zailduak baina, behar bada, ez du inon haien eskuzabaltasun eta emankortasunaren berri hain erraz topatuko. Nik neuk, hirurak ezagutu nituen neurri pittinean behintzat, esango nuke esan hobeak izan zirela ematen, eskatzen baino. Zorrotzoagoak euren buruarekin, inorenarekin baino.

Gaur egun nagusi diren hedonismoak, aseezinak eta gero eta gehiago nahiak besterik erakutsi arren, Lurdesek, Juan Marik eta Patxik asmatu zuten ezer gutxirekin zoriontsu izaten, bizitzari gehiegirik eskatu gabe ere bozkarioa aurkitzen, eta barne-lasaitasunari darion bat-bateko poz hori euren inguru-minguruan ereiten, barreiatzen eta sakabanatzen.

Euskaltzaindiak aurkituko ditu berandu baino lehen Juan Mari eta Patxiren aulkietan jarriko diren ordezko euskaltzainak, euskal kantagintzak urteak daramatza honez gero Lurdesik gabe ere, eta euskal literaturan, ikerkuntzan zein irakaskuntzan jaioko dira segurutik gure hiru adiskide eta maisuok bezainbateko lagun berri, jantzi, jakintsu eta prestuak. Baina berriro ere horren erraz jaioko ez direnak haien pareko larre motzekoak izango dira.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: