Burujabetza partekatua
Xabier Ezeizabarrenak (Donostia, 1970), Zuzenbide Doktorea eta EAJren zinegotzi Donostian, euskal arazoa zertan den aztertu du asteburu honetan Belfasteko Unibertsitatean, non Eskozia eta Ipar Irlandako egoerak zein Alemania, Austria eta Belgikako ereduak ere azaldu diren.
Hiru dira, Ezeizabarrenaren ustez, egungo euskal politikagintzan burujabetzari buruz azaltzen diren aldarriak. Lehena, orain arteko autonomia baino gehiago ukatzen duena eta, beraz, euskal lurraldeen eta Espainiaren artean ezelango burujabetza partekaturik onartzeko gertu ez dagoena. Bigarrena, euskal autogobernu gehiago aldarrikatu arren, burujabetza partekatua ontzat joten ez duena, burujabetza osokoa baino ezin delakoan izan. Hirugarrena, berriz, hainbat ordenamenduren arteko burujabetza partekatua gogoan duena, gero eta gehiago munduan zehar gertatzen ari omen den bidetik.
Ezeizabarrenaren iritziz, nazioarteko sistemari dagokionez, funtsean bi eredu nabarmen daude mendebaldean. Batetik, Ameriketako Estatu Batuen osoko burujabetza, gizabanakoen oinarrizko eskubideak hausteaz gainera Irakeko inbasioa edo Guantanamoko presondegiarenak bezalako esperientziak eragiten dituena. Eta, bestetik, Europako Batasunaren burujabetza, munduan zehar europartzat joten diren baloreak jagotearekin batera, baldintza eta muga guztien gainetik burujabetza partekatuaren gero eta adibide gehiago eskaintzen dituena.
Burujabetza partekaturen kontzeptu hau Ezeizabarrenak berak duela hiru urte Oxfordeko Unibertsitatean landu zuen eta orain argitara eman berri du (La ciaboga infinita). Gai berbera Daniel Innerarityk aztertzen du Bilboko Udalak 2002an saritutako saiakeran (La transformación de la política) eta hainbat hamarkada lehenago Manuel Irujok aurreratu zuen, Estatua aldarrikatzearen gainetik nazioa aldarrikatu beharra azpimarratu zuenean, Josu Legarretak (Desde el futuro. Nacionalismo es más democracia) gogoratu bezala.