Irujo, kriston tipoa gero
Larunbatean gorazarre egin zitzaion, Lizarran, Manuel Irujo Ollo jeltzaleari, hil zeneko 25. urtebetetzean. Nahiz eta gazteen artean gutxik jakin nor izan zen Irujo, berau dugu XX. mendeko euskal politikaririk handienetakoa.
Jaiotzez ere ezpal onekoa. Aitonak, Manuel Irujo Apalategi, Lizarragako zinegotzi karlista (1866) izan arren, muzin egin zion Erregetza eta Konstituzioaren alde zinegiteari. Daniel Irujo aita, berriz, Deustuko Unibertsitateak izandako lehen irakasle laikua (1886) eta Sabino Arana kartzelatik birritan libratu zuen legelaria.
Gure Manuel Irujok Bilbon egin zituen ikasketak eta, besteak beste, Unamuno eta Azkue izan zituen irakasle. Gaztetandik EAJri atxikia, Eusko Ikaskuntzaren sorreran parte hartu zuen Oñatin (1918) eta 30 urte besterik ez zituen Nafarroako Diputatu atera zenean; 1936an, altxamendu militarraren kontra Gipuzkoako Defentsa Juntaren lehendakari. Baita Errepublikaren Ministro ere, sozialistek Autonomia Estatutua onartzearen truke. Gerra aurretik (1933-1936) zein demokrazia berreskuratu ostean (1977-1981) Espainiako Gorteetan parlamentari izandako politikari bakarra.
Ideologiaz liberala, errepublikarra, abertzalea eta, giza-eskubideen defendatzaile amorratua, heriotza-zigorraren kontra, preso politikoak askatzearen alde eta pistolen menpeko elkarrizketaren aurka saiatu zen buru-belarri. Erabat aitzindaria orain pil-pilean dauden gaiak aurreratzeko orduan, etorkinen gizarteratzea, Europako Batasuna eta burujabetza partekatua kasu.
Dena ala ezer ez jokamoldearen etsai, ez zuen hitzen mitologiarik gustuko eta ogerleko berba handiak baino nahiago zituen funtsezko errealitate apalak: independentziaren ordez interdependentzia, balizko estatu politikoaren aurretik ekonomiazko eta izpirituzko askatasuna, eta inork aitortu beharreko nazioa baino batere konplejurik gabeko errejio europarra.
Hau guztia ez orain, XXI. mendean, duela mende erdi baizik, Francoren diktadurapean zein berrogei urte luze erbestean bizi beharra izan ostean...