Bueno ba, Urteberri on
Gero eta sarriago entzuten da han-hemenka bueno hitza euskaldunen artean. Ez da berria. Orain dela 24 urte inguru, ETB martxan jartzera etorri zen Herbie Eisner austriarra gure ohitura horretaz jabetu zen, ez baitzen alferrik euskaraz ari ginela ulertzen zigun hitz bakarrenetakoa. Geroztik, ohitura hori ez da batere murriztu, erabat gehitu baino.
Ez dago irratian edo telebistan edozein elkarrizketa entzun baino, behin eta berriz, etengabe gero, takian potian bueno esaten entzuteko. Azken bolada honetan minutuko zenbat bueno entzuten dudan kontatzeari ekin diot eta, kontatu beharraren beharrez, ez naiz elkarrizketaren nondik norakoaz jabetu ere egiten. Irakurleak joko horri ekin baino ez du. Nere errekorra erantzuneko zazpi buenotan dago.
Ulergarri edo barkagarri, gainera, euskaldunberrien artean edota hizketarako entrenatuak ez diren kirolari gazteen artean, baina guztiz lekuz kanpo irakasle, idazle, kazetari, euskaltzain edo politikarien artean behintzat. Dagoeneko auskalo gero zer soluzio duen gehiegikeria honek baina, jira eta buelta, horrenbeste buenorekin adierazten dugun eskasia benetan arduratzekoa da.
Hala ere, ez da hitza bera erdaraz izana asaldagarriena, batere neurri eta premiarik gabe zein sarri erabiltzen dugun konturatzea baino. Gaztelaniaz (bueno), frantsesez (bon) eta ingelesez (well) ere behar baino sarriago erabili ohi da segurutik, baina ezta hurrik eman ere euskal erabilpenarekin alderatuz gero. Guk denetarako erabili ohi dugu, zer esanik ez dugunean batez ere, baina gezurra dirudien arren, baita zer esan dugunean ere.
Dena den, ezinbestean horrelako makuluren bat erabiltzekotan, gogoratu beharko euskaraz izan badela buenoren hainbat pareko, antzerako edota ordezko. Besteak beste, tira, bapo, ondo, aski, eta?, hala ere, haatik, alabaina... Eta, gehienetan, batere ordezkorik gabe ere, nahikoa eta sobera.
Izan ere, Urteberri ona opa izateko... bueno ba, Urteberri on esan beharrik ba al dago? Benetan?