Igelak ez du beti asmatzen
Arazorik larriena indarkeria dela esan arren Erregek, lanik eza, ongizatea eta etxebizitza indarkeria baino kezkagarriagoak omen dira euskal hiritarren artean, Euskobarometroaren arabera behintzat. Hala ere, gogoan izan inkesta honen datuak azarokoak direla, Lazkao (Azkar), Irura (Aginaga) eta Doneztebeko (Bordatxo) erasoak gertatu aurrekoak.
Zalantzarik ez gero euskal gizarteak gurari bikoitza bizi duela uneotan. Batetik, nolabaiteko itxaropena, bi urte tŽerdiko hilketarik eza eta alderdien arteko konponbide-durundia tarteko. Bestetik, abenduko lehergailuek berriro eragin duten mesfidantza, are gehiago kontuan izanik jartzen ari diren lehergailuak gero eta handiagoak direna. Prentsari jaramonik egingo badiogu, azarorarte jarritako lehergailuak kilo erdikoak ziren, eta abendukoko azken hirurak, aldiz, 2, 10 eta 50 kilokoak.
Auskalo zer gertatzen ari den, baina ez dakigula behintzat berriro igelarena gertatu, orain hurrengo Lizarraren inguruan gertatu zen moduan: Borondaterik onenaz hasi eta sekulako etsipenaz amaitu.
Igelak badaki ur hotza eta beroa bereizten, hozbero-aldaketa nabarmen gertatzen baldin bada behintzat. Ez omen da, ostera, aldaketaz konturatzeko gauza, tenperatura apurka aldatuz gero. Hau da, sartu bai igela ur berotan eta, gehiegizko berotasun punttua sumatu bezain laster, igelak jauzi eta alde egingo du, sortze bereko defentsek adierazten baitiote bertan geratzen bada kiskali egingo dela.
Hala ere, jarri igela ur frexkutan, astiro ura berotu eta, nahiz-eta luzera urak irakiten amaitu, igela ez da ordea sekula mugituko. Bertan egosiko da, giroa emeki goritzen ari denik konturatu barik eta hil ala biziko arrisku galantaz sekula jabetzeke.
Irrika gaude bakea noiz etorriko, inork ez baitu merezi dugun eta zor zaigun amets hori ukatzeko eskubiderik. Baina, aldi berean, denok behar dugu ernai eta adi egon. Ur epelaren gozamenaz ez dezagun lo hartu eta, gutxien uste dugunean, geure burua irakitan aurkitu.