Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Made in Pays Basque

Made in Pays Basque

amat 2005/12/18 20:46

Sarri aipatu ohi da politikak badituela merkatuak onartzen ez dituen arrazoiak. Kontrakoa entzutea ez da horren normala, hau da, merkatuak ere badituela politikak ulertu nahi ez dituen arrazoiak. Kontraesan honen eredurik onena Iparraldea da: Frantziak Euskal Herririk denik ere ez onartu arren, Frantziako merkatuak gero eta hobeto baloratzen ditu “made in Pays Basque” produktuak.

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak eta Udalbidek estreinako elkarrekin eskainitako laguntzaz, “Hemen” Euskal Herriko ekonomia indartzeko elkarteak kaleratu du “Economie locale et identité culturelle” txostena, non euskal produktuek Frantziako merkatuan duten harrera ona aztertzen den.

Oinarrizko tesia ezaguna da azken 20 urteotan mundu anglosaxoian, Espainia zein Frantzian nahiago izan arren ezikusi egitea: globalizazioak aurrera egin ahala munduan lehiatzeko abantailetako bat tokian tokiko herri-nortasuna da. Jatorri ezaguna, berezitasuna eta segurtasuna dira kontsumatzaileek produktuak aukeratzekoan gogoan dituzten baloreak.

Turismoa, jakiak, edariak, artisautza, oihalgintza, etxe-hornikuntza, herri-musika, folk-souvenirrak etab. dira merkatuan gero eta arrakasta gehiago duten euskal ekoizpenak. Pays Basque izenak ez du ofizialtasunik, baina Pays Basque markak gero eta gehiago saltzen du, eragozpenik falta ez den arren.

Zenbaitek zalantzan jartzen du zilegi ote den herri-nortasunaz baliatzea merkatuan negozioak egiteko. Beste muturrean, ordea, bada Ipar Euskal Herriko produktuak Beran, Nizan edo Txinan egiten dituenik. Txarrenean ere, Bera Euskal Herria omen eta Niza, Frantzia. Baina Txina?

Eragozpenak eragozpen, euskal ekoizpenen arrakastak merkatu-estrategia eskatzen du, Hegoaldeko zein Iparraldeko Eusko Label bateratua tarteko. Zerbait beharko, euskal produktuen jatorria defenditzeko. Bretoiek 1995an sortu zuten “Produit en Bretagne” elkartea eta honez gero 2.000 artikulu dituzte, 170 enpresa eta 85.000 lanpostu. Eta 85.000 lanpostu ez dira gero artalak...

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: