Nazioarteko lehen mailan jokatu
Pedro Migel Etxenike fisikariari Espainiako 2005 Ikerkuntza Saria eman diote. Ez da gero Etxenikek jaso izan duen lehen saria. Lehendanik ere edozenbat irabazitakoa da baina, hala ere, behar bada ez dira bere inguruko sariak Etxenikeren maila ondoen neurtzen dutenak, nazioartean duen ospea baino. Izan ere, Etxenike da nazioarteko ligan jokatzen duen euskal zientzilaririk onena.
Orain 25 urte, Garaikoetxea lehendakariak Etxenike gazte ezezaguna lehen Hezkuntza Sailburu izendatu zuela-eta, DEIA egunkari honek Bartzelonara bidali ninduen hango Unibertsitate Autonomoan irakasle zen fisikari nafarra elkarrizketatu nezan. Nor arraio elkarrizketatu behar ote nuen jakiteko Josu Oregi bergararrari galdetu nion eta berak erantzun: “Etxenike da Nobel Saria irabazi lezakeen euskaldunik bakarrenetakoa”.
Kazetariok lotsagabeak omen garenez, baita nik Etxenikeri berari Nobel Saririk noizbait irabaziko ote lukeen galdetu ere: “Nobel Sariak ez dira perretxikoak bailiren ustekabean sortzen. Horretarako behar da ikerkuntza maite duten 50.000 gazteren gizartea, non loratzen diren 5.000 ikerleri, zeinetatik 500 onak diren, 50 puntaren puntakoak eta horietako bat, piramidearen gailurrean, behar bada, Nobel Saria edo”.
Piramide horren eredu ona da segurutik unibertsitate ingelesa eta, besteak beste, Cambridge Unibertsitateko Cavendish Fisika Departamendua, 1873an sortu zenetik hona milaka ikerlari on eman dituena eta, horietatik 28, Nobel Sariak hain zuzen ere. Etxenike bera ere 1984-1985 urteetan izan zen irakasle Cavendish Laborategietan, Max Perutz (1962ko Kimika Nobel Saria), Hermann Bondi (Steady State Universe teoriaren jabe eta Stephen Hawkinsen aurretik zulo beltzak ikertu zituena) eta lehen-lehen mailako beste hainbat ikerlarirekin batera.
Guztiok onartzen diogu Etxenikeri maila haundia. Inoiz gutxitan pentsatzen dugu, ostera, Xabi Alonso, Josune Bereziartu, Miguel Indurain, Jose Mari Olazabal edo Ainhoa Arteta bezain ona edo hobea dela.
Amatiño