Industria bai, energia ez
Industria-tradiziorik betidanik egon izan da Euskal Herrian. Energia-tradiziorik ez, ostera. Industria gure-gurea izan da eta energia, aldiz, inorena, zerutik edo auskalo nondik baletor bezala.
Euskaldunok gutxienik bostehun urte daramatzagu gure kontsumorako baino gehiago behar ditugun produktu industrialak egiten (burdina, altzairua, ezpatak, eskopetak...) eta argindarra asmatu zenetik behintzat guk geuk kontsumitzen dugun baino energia gutxiago ekoiztu izan dugu. Gure “homo faber” eskolak normaltzat jo izan du produktu industrialaren esportazioa. Oraindik ere bekatu latza iruditzen zaigu, ordea, energia esportatu daitekeenik pentsatzea ere.
Industriarik zikinena ere jatorra da eta gure ekimen izerditsuaren lekuko gainera. Energiarik garbiena, berriz, arrotza eta uxatu beharrekoa. Gure hainbat herritan elkarrekin bizi dira forja, fundizioa, eskola, Eroski eta Osakidetza. Inork ez du, aldiz, energia-ekoiztetxerik bere inguruan nahi. Arazoa, bestelako arrazoien gainetik, lehin eta behingoz kulturala da.
Giro honetan, zenbaiti entzunez gero badirudi Boroako planta infernuko tximinia dela eta atzeko atetik ezkutuan sartu dena. Inoiz gutxitan esaten da, ostera, Boroako instalazioa natur-gasez argindarra egiteko tailer edo lantegi bat gehiago besterik ez dela, Zornotzako Udalak industria-eremutzat propio kalifikatutako lurretan kokatua eta indarrean dauden osasun, segurtasun eta ingurumen baldintzarik zorrotzenak betetzen dituena.
Segurutik etxebizitza-bloke batean inori ez zaio gustatuko atarian tintoreria, tanatorio, jatetxe edo night clubik jartzea baina, gaur egungo gizarte arautu honetan, tintoreria, tanatorio, jatetxe edo night cluben ugazabei ez die etxebarruko eskailera-buruko bizilagunen batzarrak zer egin behar duten esaten, etxebizitza-bloke horretan aldez aurretik erabakitako estatutuek, udal-arauek eta indarrean dauden legeek baino.
Hori da legea betetzea. Hori da aldez aurretiko demokrazia. Eta kontrakoak, onenean ere, beste izenen bat du.