Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Islam eta demokrazia

Islam eta demokrazia

amat 2005/10/09 20:36

Europako Alderdi Demokrataren ekimenez, EAJ-PNV tarteko, aurreko asteburuan eratu ziren Venezian “Islam eta demokrazia” izeneko jardunaldiak. Hurrengo astelehenean, Europako Batasunak Turkiaren sarbiderako negoziazioei ekitea erabaki zuen, Austriaren eragozpenak gainditu ondoren.

Kultura islamdarra eta mendebaldeko sistema demokratikoa ezkongarri ote diren ala ez izan zen, besteak beste, Veneziako jardunaldien eztabaidetako bat. Zenbaiten ustez Islama “sinesmena eta erlijioa ezezik, balore-sistema ere bada”, hain zuzen ere mendebaldeko demokraziaren balore-sistemarekin beti ere bat ez (omen) datorrena. Hala ere, Europa munduaren zilbortzat dutenen kontra, hiru oinarrizko ideia azpimarratu ziren jardunaldien ondorioetan.

Lehenik, Hego Ameriketan diktadurak nagusitu arren, ez zaio inori bururatu kristautasuna eta diktaduren arteko lotura zuzenik salatzea. Ezin ahaztu zenbait mendetan islama kristau-erlijioa baino toleranteagoa izana dela, Cervantesek berak Algeriako espetxetik bueltan adierazi zuen bezala, Inkisizioa aipatzen hasteke.

Bestetik, herri arabiarren arazorik haundiena ez da islamaren eragina, ganorazko gizarte zibilik eza baino. Demokraziak eskatzen dituen tolerantzia, aniztasuna eta errespetua izan badira islamaren baitan. Herri islamdarren artean falta dena besterik da, alegia: edozein gizarte aurreratuk bere inguruan landu beharreko erakundetze-prozesua eta industria-garapena.

Azkenik, Europako estatu demokratek ere badute zer eginik herri arabiarren demokratizazioa errazteko. Aski litzateke, esate baterako, hitzarmen ekonomikoak sinatzeko orduan giza-eskubideak bete beharra eskatzea --Turkiarekiko harremanak kasu--, negoziazio komertzialak bideratzerakoan gobernurik ustelenaren errazkeria bilatu beharrean.

Esan beharrik ere ez gero, islamdarrek beraiek ere zer eginik badutela. Ramadana dela eta atzo bertan ETBk eskaini zizkigun irudiak ezin adierazgarriagoak ziren. Euskadin ditugun islamdar guztiak gizonezkoak ote?

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: