Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nazioa, lehengo lepotik burua

Nazioa, lehengo lepotik burua

amat 2005/10/02 20:22

Katalunia nazioa da. Honela dio hango Legebiltzarrak onartu berri duen Estatutu berriak. Erabakiak bazterrak harrotu ditu nazioa bat eta espainiarra baino ezin dela izan uste dutenen artean. Ez da gero harritzekoa, hainbat belaunalditan zehar ideia hori erakutsi baita eskoletan eta beste horrenbeste azpimarratu komunikabideetan. Arraroa litzateke jendeak besterik uste izatea.

Nazio kontzeptua ez da, berez, kontzeptu politikoa, eta estatu-nazio bikoteak ez du beti elkarrekin joan beharrik. Estaturik gabeko nazio ugari dago munduan eta baita naziorik gabeko Estatu asko ere. Honek ez du esan nahi, baina, azken bi mendeotan bi ideia horiek elkarrekin uztartzeko interes politikorik izan ez denik. Gaur egun ezin esan naziotasunari buruzko eztabaida politikoa eta beroa ez denik. Galdetu bestela Kataluniako Estatutu berria betozko ilunez hartu dutenei.

Hala ere, besterik uste arren, naziotasunaren agiri ofiziala ez da aspaldikoa. Adibidez, guztiok nahitaez daroagun Nortasun Agiri Nazionalak hirurogei urte baino ez ditu. Zehatz, 1944ko martxoaren 2an jarri zuen indarrean Franco diktadoreak. Hau da, nere aittitta-amamek heldu samarrak zirela atera behar izan zuten eta nere gurasoek, berriz, ezkondu ondoren.

Eta ez gero pentsa NAN herrialde guztietan normala den agiria denik, ez behintzat gizarte anglosaxoietan. Gogoan dut 1963an izan nuen lehen ingeles-irakaslea harri eta zur utzi nuela karneta erakutsi nionean, hatzamar pottoloaren tinta-lorratz eta guzti, poliziaren kontrolpeko gaizkilea banintz bezala. Guk uste genuen, ostera, hura zela mundu guztian normalena.

Ondoren jakin genuen, ezkutuan jakin ere, Sabino Arana izenekoren batek “euzkotarren aberria Euzkadi da” esan eta euskal nazioa aldarrikatu zuela XIX. mendean. Eta geroago ikasi genuen, berriz, XVIII. mendean Aita Larramendik normaltasun osoz aipatu izaten zituela “nación bascongada” eta “nación del bascuence” bezalako ideiak.

Beraz, jira eta buelta...

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: