Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Umorea bada errenta

Umorea bada errenta

amat 2005/09/25 22:32

Duela ia 25 urte egin zen ETBrentzako lehen casting-a. Orain 50 urte inguru dituzten gazteak pasatzen ari ziren banan-banan kamera aurretik, denak serio asko, muttur luze eta betozko ilunez. Halakoren batean, aukera-lanetan ziharduen Xabier Elorriaga aktoreak zera esan zuen: “Hau da gero gazteria traszendentala... inork ez al daki hemen irriparrik egiten?” Eta aurrean zeukan gazteak bota zion haserre antza: “Herri hau ez dago irriparretarako¡”.

Geroztik 25 urte joan dira eta ez alferrik. Lehen urte haietan “Albaniako konkista”, “Segoviako ihesa” edo “Mikelen heriotza” bezalako filmeak ekoiztu zituen euskal zinemagintzak nekez sumatu zezakeen orduan noizbait “Aupa Etxebeste” modukorik aurkeztuko zenik Donostiako Zinemaldian. Ezin uka gero euskal gizartearen erregistroak zeharo aldatu direna.

Jakina, ez gara erregistro berrietara bat-batean heldu. Gogoratu baino ez dago 1985etik aurrera ETBn izan diren “Bi eta bat”, “Beni eta Marini”, “Jaun ta jabe” eta beste hamarren bat titulu, oraingo “Martin” eta “Wazemank” tarteko. Esaera zaharrak dioenez, jokoa ez omen da errenta, baina bistan da umorea behintzat badela errenta euskal produkzioaren baitan.

Umorearen errenta bila, ildo beretik datorkigu “Aupa Etxebeste”, euskal ikusle arruntaren pozerako eta zine-kritikari fundamentalisten depresiorako. Nonbait ez gaude inoiz konforme. Gai serioak lantzen direnean ez omen gara herri normala, gatazkaz lepo baizik; eta, gainera, kritikari sakonen ustez, zailago omen da barre eragitea, negar eragitea baino. Baina gero, umorearen meazuloa aurkitzen dugunean, ez omen dakigu gauza serioak egiten... ez omen gara sekula irriparrezko erregistrotik ateratzen... umorea arinkeria, errazkeria omen.

Esanak esan, nik gustura hartuko nuke hilean behin “Aupa Etxebeste”ren parekorik. Telmo Esnal eta Asier Altunaren filmeak ez du segurutik Zazpigarren Artearen etorkizunik salbatuko baina bai, behar bada, euskal zinezale sufrituaren guraria, ordu t’erdiz baino ez bada ere, baretuko.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: