Klikowsky eta Obaba
“Obaba”ren estreinaldian, ETBren arduradun batek “Mi querido Klikowsky” produkzioari buruzko iritzia eskatu zidan. Besteak beste erantzun nion ez zitzaidala asteleheneroko sail horren testuinguru eibartarra batere sinesgarri egiten baina, zer gerta ere, ni ez nintzela kritikatan hasteko aukerakoena, nere bekatu originalik handiena eibartarra izatea da-eta.
Auskalo gero eibartarrak ez direnek eibartar petotzat hartu ote ditzaketen Arrate, Txomin eta Maritxu, baina ez behintzat geure burua bertakotzat dugunok. Eta, behar bada, beste horrenbeste gertatu dakioke Montxo Armendarizen “Obaba”ri ere, Obabakoak ez direnei baino ez zaiela sinesgarri gertatzen alegia.
Dena den, sinesgarri nahiz sinesgaitz gertatu, Klikowskyk gaur egungo telebista-ekoizpena izan nahi du eta Obabak, aldiz, orain 25 urteko euskal zinegintza gogorarazi digu. Klikowskyk, lortu ala ez, ikusentzuleak ditu helburu, eta Obabak, berriz, ez die ikusentzuleei batere amorerik eman nahi izan.
Kritikariren bati irakurri diot Armendarizen “Obaba” filmea ez dela Atxagaren “Obabakoak” idazlana gogoan hartuta ikusi behar. Ez direla elkarrekin gonbaratu behar, bi ikuspegi edo lenguaia ezberdin direlakoan. Ez dakit... behar bada horrela izan beharko du, zine-merkatuak eta literatura-merkatuak ez baitute elkarrekin zer ikusirik. Baina, hori horrela bada, Armendarizenari Atxagarena ukatuez gero geratzen dena guztiz produktu umezurtza da. Umezurtza ezezik, baita astun eta aspergarria ere.
Eibartarrak konbentzituko ez dituen Klikowskyk %20 inguruko sharea du eta %8ko ratinga. Hain zuzen ere, nere ustez Obabak sekula lortuko ez duena. Zenbaitek esango du ikusleak gogoan ez dituen arterik ere badela, sorketa-lanak ez duela irakurle edo ikusentzuleen morroi izan behar. Eta segurutik egia izango da. Baina, orduan, baten batek azaldu diezaidala zein den zazpigarren artegintzan artea neurtzeko neurkina. Eta, bide batez, zertan geratu ote den zinea eta industria elkarrekin lotzearen aldarri hura...