Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lege zaharreko intelektuala

Lege zaharreko intelektuala

amat 2005/08/21 20:09

Hamar urte joan dira Julio Caro Baroja (1914-1995) hil zenetik. Serafín Baroja, Ricardo Baroja eta Pio Barojaren leinukoa, Don Julio izan zen “lege zaharreko” azken euskal intelektualetakoa, lehenaren eta geroaren arteko zubigilea.

Orain hogeita hamarren bat urte ezagutu nuen estreinako Julio Caro. Berako Itzearaino joan nintzaion elkarrizketa egiteko. Baita bere liburutegi zoragarrian egin ere. Eta, amaieran, ordubeteko galderantzunen ostean, esan zidan: “Y para hacer estas preguntas tan generalistas ha venido Vd. desde Bilbao?”

Segurutik kazetaritza arina da, bai, baina baita Caro Barojaren nondik norakoa egunkari-orrialde soilean laburtzekoa baino oparoagoa. Besteak beste, Aranzadi, Azkue eta Barandiaran izan zituen irakasle eta Azorín, Ortega, Unamuno eta Valle Inclán bere etxeko tertulietan solaskide. Hamabost urte zituela argitaratu zuen bere lehen etnografi-lana.

Haren libururik ezagunenetakoa “Los Vascos” (1949) izan daiteke eta bere pentsamoldea ezagutzeko aukerakoena, “Disquisiciones antropológicas” (1985). Baina guztiau beste arinkeria bat baino ez da, 50 liburu eta ehundaka erreferentzia bibliografikoren jabe izateaz gainera edozenbat akademiaren partaide eta unibertsitateren irakasle izan zen-eta.

Baina ez zen karguzale izan: “Soy un hombre con extraña tendencia a la dimisión. También a escabullirme o evitar trincas académicas, congresos y cosas por el estilo”. Intelektual benetan independientea, independendentziaren izenean alderdikeriatan aritu ohi direnak ez bezala. Frankismoa kritikatu zuen, baita espainiar eliza ofiziala ere, eta zer esanik ez ETAren ideiarik eza: “No tienen ideas, sino opiniones. Nada. Unas flatulencias mentales”. Aldi berean, saharauien autodeterminazioaren defendatzaile sutsua izan zen.

Zorakeriatzat salatu zituen 1960 eta 1970 hamarkadetako hausturak, eta etsipenak jota amaitu zuen: “Esta no es mi España ‘regenerable’; no es este mi País Vasco ‘mejorable’, ni esta mi Universidad. Pero son así.”

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: