Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txistua... tristea ote?

Txistua... tristea ote?

amat 2004/08/22 17:55

Badut nik lagunmina, Almerian jaio eta Gasteizera ezkondua, seme-alabak ikastolara eraman eta erabat bertaratua egon arren, sarri esan ohi didana: “Sois unos tristes”. Eta gure tristura horren adibiderik nabarmenetakoa txistua omen. Egia esan, emakume andaluziar honi horrelakorik entzun arte nik ez nuen sekula pentsatu txistua tristea zitekeenik.

Burutazio hauek izan nituen aurreko ostegunean, Deban, Jose Ignacio Ansorena, Joserra Senperena, Jon Maya, Andoni Egaña eta Kirmen Uribek elkarrekin eskainitako “Inprobisazioan”.

Chillida-Lekun egindako aurkezpenean kontzertu honek jasotako kritika onak ezohiko jende dezente asko bildu zuen Santa Mariaren elizako klaustroan, espektakulu berriaren itxaropenetan. Eta, gertatua gertatu, ikusentzuleak ez ziren inondik ere noraezean geratu, inoiz gutxitan horrenbeste jendek amaitu baitzuen gustora, beste askok amaitu aurretik alde egin zuen bitartean.

Nik ez dakit txistua tristea edo alaia den. Behar bada ez bata eta ez bestea. Ansorenak esan bezala, txistu-doinua omen da giza-txistuaren musika-tresnarik antzerakoena eta, zentzu honetan, baita segurutik giza-sentipenik xume eta arruntenen adierazpide ere. Eta, txistua gure izaeraren adierazgarri bada, auskalo gero txistuak tristatzen ote gaituen euskaldunok ala euskaldunok egiten ote dugun txistua triste...

Era batez zein bestez, bistan da Ansorenak txistulariak ez duela kezka metafisiko hori bere errepertorioa aukeratzerakoan. Izan ere, txistua beti irudituko zaigu gaur egun triste eta depresibo samarra erdiaro-giroko doinuak eta blues edo jazz itxurako melodiak eskainiez gero; Polentxi Gezala eta Mauricio Elizalderen malenkonia baldin badugu gidari; Etxahun zuberotar malerusaren “Ahaide delezius huntan” jota edota “Felix (Iñurrategi) gogoan” amaituez gero.

Gero etorriko dira Kirme Uribe olerkariaren alegoriak, Andoni Egaña tarinaren lirikak edo Jon Maya dantzariaren “inprobisazioak”. Baina hori ez da txistua. Hori beste kontu bat da, beste kuku bat alegia.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: