Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Luxenburgo izan gura

Luxenburgo izan gura

amat 2005/07/11 23:17

Euskal Autonomi Erkidegoa zertan den azaldu nahirik edo, Ibarretxe lehendakariak harro asko esan zuen Eusko Legebiltzarrean, euskal gizartea Suitza, Luxenburgo, Frantzia edo Erresuma Batuaren gainetik zegoela «giza-garapen» (hezkuntza, irakaskuntza eta bizi-itxaropena) adierazkinetan. Eta Maria San Gilek erantzun beharraren beharrez galdetu zion, ironiaz eta gutxiespenez, ea «Euskadi Luxenburgo izan dadin» nahi ote zuen.

Auskalo Euskadik Luxenburgo izan behar ote duen ala ez, baina nik behintzat ez nioke horrelako ereduren bati batere muzinik egingo. Badakit, bai, Luxenburgo Araba baino txikiagoa dela kilometroz eta Gipuzkoa baino urriago biztanlez, baina ez dut uste hori denik ezein herriren etorkizuna neurtzeko metrorik garrantzitsuena.

Herriak, nazioak eta estatuak kopuru fisikoen arabera neurtzeko ohitura zaharkitu samarra da, garai bateko konkista-zantzuen lekuko baino ez. Gaur egun, askoz ere gehiago hartzen dira aintzakotzat herrien balore intangible edo ukiezinak, lurralde edo biztanle-kopuru handi-mandiak baino.Luxenburgoko biztanleria ezezik, Eslovenia, Estonia, Islandia edo Maltakoa ere Euskal Herrikoa baino urriagoa izan arren inork ez du euren burujabetza politikoa edota etorkizun ekonomikoa zalantzan jartzen, ezta tokian tokiko hizkuntzaren ofizialtasuna ere.

Luxenburgoren indarra ez datza bere lur-azaleran, ezta bere biztanle- kopuruan ere, luxenburgoarren ekimen, gaitasun eta etorkizun-nahian baino. Izan ere, luxenburgoarren produktibitatea %142 da Europako Batasunaren baitan, Alemania (100), Espainia (102), Italia (108), Erresuma Batua (109), Frantzia (119) eta Euskadiren (121) gainetik.

Euskadik Luxenburgo izan behar ote duen? Segurutik ez. Euskadik izan beharko luke euskal hiritarrek nahi luketena. Ez gehiago eta ez gutxiago. Baina, behar bada, Espainia eta Frantziarekin hainbat eskarmentu konpartitu behar izan duen euskal gizarteak ez lioke, aldatzeko baino ez bada ere, Luxenburgo izateari horren erraz uko egingo.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: