Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ipar Muturra 71º 10’ 21’’

Ipar Muturra 71º 10’ 21’’

amat 2005/07/05 16:16

Europako lurralderik iparrena Norvegian dago, Eskandinaviako maparen puntaren puntan, aurrez aurre Artikoari begira jarritako talaian. Leku ikusgarria, ikusgarririk bada, benetan ematen baitu mundua bertan amaitzen dela.

Euskal Herritik bost mila kilometro inguruko itsasbazter hartan dago seinalea non letra-moldez grabatua irakurri daiteekeen, bata bestearen ondotik, lehenik norvegieraz: Nordkapp 71º 10’ 21’’ eta ondoren ingelesez: The North Cape 71º 10’ 21. Azpian, berriz, errotuladore beltzez eta txukun samar: Ipar Muturra 71º 10’ 21’’.

Ez da euskara iragarki hartan agertzen den hizkuntza intruso bakarra, inguru guztian zehar hainbat mezu agertzen baita, edozenbat hizkeratan, haraino heldu izan diren bidaiarien izen-abizenak eta datak gogoratuz, eta halakoetan izan ohi diren aldarrikapenak eginez: “Milano sempre presente”, “merde” eta horrelakoak.

Itxura guztien arabera ordea, euskalduna izan zen seinale hartan bere lorratza estreinako jartzen ausartu zen bidaiaria, bai lekurik aproposenaz jabetzeko aukera izan zuelako eta baita lekuaren izen ofiziala bere hizkuntzara itzuli nahi izan zuen bakarra izan zelako ere.

Zail da gero jakitea zer pasatu ote zen gure euskal bidaiariaren burutik, baina segurutik ez genioke egiari zor handirik izango baldin esango bagenu... Lehenik, ez zitzaiola ausardiarik falta izan garbi aurkitu zuen kartelaren gainean idazten hasteko. Bigarrenik, ez zuela errotuladorea erabili graffiti pertsonalik egiteko, bere hizkuntza aldarrikatzeko baino. Eta, hirugarren, ez zela nonbait bat-bateko erabakia izan, hango eguraldi-baldintza gogorretan luzaro iraungo zuen tinta-mota etxetik eraman baitzuen seguru asko.

Esan beharrik ere ez gero, mutur hartaraino hurreratzen diren bidaiarietarik %99k ez duela sekula jakin ahal izango zein hizkuntza ote den hirugarren hori, baina aitortu ere aitortu behar dut haraino joan eta bi hitz horiek irakurri ahal izateak nolabaiteko bizipoza eragiten duela.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: