Zer gara gu, nor gara gu
"Esto que Aznar decía de que él era tan europeo como cualquiera, era una banalidad. Claro que es tan europeo como cualquier otro: Le Pen es tan europeo como cualquier otro. Lo que se discute no es la condición de ser europeo, sino de creer o no en la construcción europea y en los mecanismos para la creación de una Europa política unida". Felipe Gonzalezen hitzak dira, europagintza dela-eta egindako elkarrizketan zehar.
Espainiako presidente izandakoaren hitzez baliatu zen Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Diputatu Nagusia "Somos vascos" liburuaren aurkezpenean, eta honako galdera hau bota zuen bertaratutako kazetarien aurrean: Zer gertatuko ote litzateke esaldi horretan Europa aipatu beharrean Euskal Herria aipatuko bagenu eta europar hi-tzaren ordez euskaldun jarriko bagenu?
Zalantzarik ez euskaldun izateko modu asko dagoela eta jakina gero inor ez dela inor baino euskaldunago. Baina, zenbaitek saltsa hori nahi arren, eztabaidan dagoena ez da nor ote den nor baino euskaldunago. Arazoa besterik da. Arazoa da euskaldun guztiek ez dutela berdin sinesten euskal eraikuntzan eta euskal hiritar guztiek ez dutela berdin aldarrikatzen Euskadiren batasun politikoa.
Are gehiago, arazoa da Felipe Gonzalezen ustez europar guztiak europarrak izan arren, zenbait europar beste hainbat baino europarzaleago direla eta ideia honek ez duela, itxura denez, batere eskandalurik sortarazten espainiar politikagintzan. Baina, osterantzean, Euskadin norbaitek esango balu zenbaiten jokabide politikoak beste zenbaitenak baino euskadizaleagoak direla, espainiar politika berberak onartezinezkotzat joko lukeela.
"Somos vascos" liburura bueltatuz, Erkorekak, Anasagastik eta Belokik elkarrekin argitaratu dute hamazazpi euskalduni egindako elkarrizketa bilduma, non bakoitzak bere euskalduntasuna zertan den azaltzen duen. Ez naiz ni, badaezpadan ere, hamazazpion euskalduntasuna neurtzen hasiko baina, segurutik, euskadizale bezain europazale balira, Felipe Gonzalezen gustuko izango lirateke.