Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Apartheid boliviarra

Apartheid boliviarra

amat 2005/06/12 18:54

Ez da gero egunotan Boliviako egoerari buruzko jardunik falta. Komunikabideei jaramonik egingo badiegu auzia latza da eta gerra zibilaren kanpai-hotsak ere ez dira urrin ibili.

Arazoa zertan den laburbiltzerako orduan, berriz, badirudi gatazkak zer ikusi asko duela lehen gaien jabegoarekin eta eskualde aberats eta txiroen interes kontrajarriekin. Arlo batean zein bestean nahas-mahas agertzen zaigu indio erdi galdu mordoa, eta guztiak islatzen digu nolabaiteko irudi erdi marjinal, erdi exotiko samarra.

Inoiz gutxitan aipatzen diren datu estatistikoei bagagozkie, ostera, Bolivian indio izatea ez da batere marjinala, guztiz arrunta baino; eta inor exotiko izatekotan “zuriak” dira exotikoak, %15 baino ez baitira jatorriz europarrak. Era berean, boliviar guztiek gaztelaniaz dakitela uste arren, inor gutxik kontatzen digu Bolivian beste 29 hizkuntza daudena, nahiz kitxua (%30) eta aimara (%25) baino ofizialak ez izan.

Esan ere inork ez digu esaten Boliviako Konstituzioak orain dela hamaika urte onartu zuela estreinako boliviar Estatuaren etnia eta kultura aniztasuna, eta horrela hautsi zela 1905 urtean indarrean jarritako sistema, zeinek legez ezartzen zuen munduan aurrera egiteko ezinbesteko bideak honako bi baldintza hauek eskatzen zituela: lehen-lehenik norberaren hizkuntzari muzin egin eta, ondoren, ahalik eta azkarren espainiar kulturaz jantzi.

Gaur egun kitxua eta aimara ofizialak dira bai, gaztelaniarekin batera, baina egunkari eta telebista-kate guztiak espainieraz dira, unibertsitatea eta Estatu Administrazio osoa bezalaxe. Hori bai, Estatu boliviarrak azkenean onartu du komunitate indiarrak suspertu beharreko eskubide kolektiboen jabe direna.

Boliviako indioek ez dute, horretara, zertaz kexatu, Konstituzioak ez baitu aipatu ere egiten minoria zuriak eskubide kolektiboak behar dituenik. Zergatik ote? Honi guztioni, Afrikan, apartheid esaten zaio.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: