Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Europar ezkerra, asmatu jakinezta

Europar ezkerra, asmatu jakinezta

amat 2005/06/05 22:57

Europar Konstituzioari buruzko frantziar erreferenduma dela-eta, Ipar Euskal Herrian baiezkoak irabazi izana leporatu die Batasunak Euzko Alderdi Jeltzaleari eta Abertzale Batasunari. Alderdi bi hauek ezezkoaren aldeko jarrera izan balute, Iparraldean ezezkoa nagusituko zela uste du Batasunak.

Segurutik arrazoi du Batasunak baina, hain zuzen ere, EAJk eta ABk ez zuten ezezkorik nahi eta EAJk, behintzat, emaitzaz lotsatu ezezik bere buruarentzat aldarrikatu du Euskal Herri guztian baiezkoak irabazi izanaren meritua.

Nazio-ikuspegiari dagokionez, alderdi bakoitzak jakingo du zein ote den jarrera abertzaleagoa baina EAJk bederen pozarren ikusi du Frantzian ezezkoak irabazi duen artean Euskal Herrian, Bretainian, Saboian eta Alsazian baiezkoak irabaztea. Bakoitzak jakingo du, bai, herri-nortasuna defenditzeaz gainera Europa batuaren aldarria egin nahi den ala ez Estatuen interesen gainetik.

Nazio-ikuspegiaz aparte, langile-klase borroka aipatu du Batasunak ezezko botoaren arrazoi gisa. Zenbaitek uste dugu, ostera, ez direla ezker-baloreak izan Frantziako ezezkoaz baliatu direnak, Frantziak muzin egin diola bere historiari eta lekutan geratu direla zorioneko “legalité, ègalité eta fraternité” leloak. Ezezko frantsesa aurrerakoia dela uste dutenek hausnartu beharko lukete zergatik xenofobiak, solidaritate urriak eta aberaskumeen eskuzabaltasunik ezak ezezko berbera bozkatu duten Holandan; zergatik ezezkoaren ondotik Turkiak kolokan ikusten duen bere partaidetza eta, zergatik, Ukrainiako “iraultza laranjak” Europako Batasunean sartzeko mortalak eta bi egiten diharduen bitartean, ipar Italiako eskuinak eskatu duen berriro lirara bihurtzea.

Europar eskuinak Estatuen eremuak indartu nahirik jarraitzen duen artean, ezkerra uzkur eta beldur da zelan asmatu jakinezta. Baina, zer gerta ere, unean uneko koiunturen gainetik, benetako ezker modernoak behar luke nazioarteko esparruak sendotu. Eta Frantziako ezker guztiak ez du horrelakorik egin nahi izan.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: