Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Urte bi hildako barik

Urte bi hildako barik

amat 2005/05/29 18:40

Bi urte joan dira 2003ko maiatzaren 30ean ETAk polizia nazional bi Zangotzan hil zituenetik hona. Besteak beste, datu hau aipatu izaten da talde armatuaren bake-nahiaren adirazgarri. Auskalo gero zertan diren ETAren bake-nahiak baina hildakorik gabeko urte bi hauek gehiago dira bere ezinaren froga, hil nahiezarena baino.

Hemerotekari jaramonik egingo badiogu, ETA hiru aldiz ahalegindu zen inor hiltzen 2003ko udatik aurrera, beste hiruzpalau bider 2004 urtean zehar, eta beste horrenbestetan aurten. ETA aurreko martxoan ahalegindu zen azken aldiz inor hiltzen eta apirilaren 22an bost mila kilo lehergailu besteko klorato lapurtu zuen Frantzian.

Suetenaren eta elkarrizketaren kanpai-hotsek joten omen duten honetan, badirudi ETAk lehergailu txikerrak jartzeari ekin diola. Ez da “igelaren” taktika honi ekiten dion aurrenengo aldia. Igelak, ur irakinetan sartuz gero, jauzi eta ihes egiten du. Baina ur hotzetan sartu eta astiro berotuz gero, ustekabean egosten da, berotu beharraren beharrez urak irakin egiten duela jakiteke.

ETAk badaki bakegintza igelaren pareko edo dela. Badaki inor hilgo balu bertan behera zapuztuko lukeela bake-prozesua, baina lantzean behin lehergailuren bat edo beste baino jartzen ez duen bitartean, ostera, ez duela prozesurik etenaraziko, beti izango direlakoan nagusi “bakeak arriskatzea merezi duela” esaten dutenak... zorigaiztoko ezusteren bat gertatu arte.

Zalantzarik ez bakea inoiz baino hurreago dugula, denbora ez dela musutruk pasatu eta Aljer, Ajuria Enea zein Lizarrako eskarmentuak ez zirela alferrik gertatu. Zalantzarik ez ETAk badakiela bereak egin duela, historiaren kontra ari dela eta, atzo bertan Juan Mari Uriarte gotzainak esan zuenez, euskal gizartea egoeraz gogaituta dagoela.

ETAren zenbait buruzagik badaki zenbat eta gehiago iraun hainbat txarrago izango dela, eta zenbat eta lehenago amaitu hobe denontzat. Axularrek 1643an esan bezala, ez dela komenigarri luzamendutan, geroko gerotan, jarraitzea.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: