Gay... eta jai
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza dela eta ez dela, zenbait komunikabidetan eztabaida latza izan da homosexualei nola deitu aipatzerako orduan. Kontra daudenek hiztegiko molderik iraingarrienak erabili dituzte. Alde daudenek erantzun dute, berriz, izenik aukerakoena gay hitza dela, errespetagarria izateaz gainera mundu guztian zabaldua baita, izen anglosaxoia denez gero.
Zalantzarik ez gero gay erarik zabalduena eta errespetagarriena dela mendebalde osoan, baina ez da ostera horren segurua ingelesa denik. Are gehiago, euskal hiztegi entziklopedikoren batek ingelesezko hitza dela esan arren, gay hitza hurreago dago euskaratik, ingelestik baino. Izan ere, gay berba gaskoia edo okzitaniera da, eta euskarazko jai ideiaren zentzu berekoa.
Sortzez, gai hitza latineko gaudiumetik (gozamena) omen dator eta, XII-XIV mendeetan zehar, Okzitaniako trobalarien amodiozko poesian zabaldu zen gehienbat. Geroztik, alaitasun-zentzua nagusitu zen, euskarazko jai eta frantsesezko gai zein joie kasu. Izena frantsesetik ingelesera pasatu, hainbat mendetan ezkutuan iraun eta, horra non, berriro berpiztu eta Ameriketako Estatu Batuetatik Europara itzuli den, hangoa delakoan.
Guzti honek ez du zalantzarik hizkuntzalaritzaren aldetik eta zenbait aditu ezagunen etimologia azterketetan behin eta berriz bildu izan da. Hala ere, jakin beharrekoa litzateke azalpen hau homosexualek onartzen ote duten, jakintsuek besterik esan arren ezer gutxi balioko luke-eta gayek ontzat emango ez balute.
Erantzuna Carlos Valcarcel hizkuntzalari homosexual galiziarrak eman du. Santiago Konpostelako Unibertsitatean irakasle eta Galiziako gay eta lesbianen kolektiboaren ordezkari den hizkuntzalari honek Interneten idatzi du Cómo llamamos a los hombres gays http://gente.chueca.com/marivi98/documentos/etimol.htm artikulua, eta berari jaramonik egingo badiogu behintzat gay da gustukoen duten deitura eta badakite, gainera, zein den izenaren jatorria.