Nik ez dakit baina uste dut...
Hirurogeigarren hamarkadako eztabaidetan sarri aipatu izaten zen erlijioaz, politikaz eta futbolaz hitzegiteko ez zegoela jakin beharrik. Eta euskalgintzan hasiak ginen gazte arrarook ezarri ohi genuen, adarra jote aldera, ezta euskarari buruz hitzegiteko ere.
Berrogeita bost urte geroago gauzak zerbait aldatu dira. Segurutik jendeak orduan baino gehiago daki orain politikaz, futbolaz eta euskal hizkuntzaz baina, behar bada, orduan baino gutxiago erlijioaz ... erlijio katolikoaz behintzat.
Azken bi astebeteotan Erroman izan diren gertakariek erakutsi digute, besteak beste, jendea zein urruti dagoen Eliza Santutik, zein informazio gutxi duen erlijio katolikoaz eta, aldi berean, zein ausardia handia duen ez omen dakienaz hitzegiteko.
Nola irratian hala telebistan, lanean zein lagunartean, tabernan edo kalean, ez dut nik aspaldian horrenbeste bider entzun harako leloa: Nik ez dakit baina uste dut.... Mundu guztiak sentitu du bere ezjakintasuna aitortu beharra lehenik eta, hala ere, bere iritzia eman nahia gero. Nahiz kazetari, esatari, solaskide, inkestatu, gonbidatu edo entzule arrunt izan, inork ez du esan nik ez dakit horretaz eta ez dut ezer esango, beste hau baino: Nik ez dakit baina uste dut...; ni ez naiz eliztarra baina iruditzen zait...; ni ez naiz fededuna baina esango nuke...; nik ez dut sinesten baina dirudienez...; nik ez dut ulertzen baina garbi dago... eta zentzu bereko leloak.
Zalantzarik ez gero demokrazian edozein buruk duela bere aburua azaltzeko eskubidea eta egia ere bada Benedikto XVI.az iritzia emateko ez dagoela Aita Zabalak bezala-- Ratzinger kardinalaren bederatzi teologi-liburu aldez aurretik irakurri beharrik. Baina, hala ere, zer pentsa ematen du gero, ezjakintasuna aitortu dutenen iritzia kritikoa izan den bitartean, Pello Zabala frantziskotarrak Aita Santu berria estimutan hartzea eta haren maisutzaz gozatzeko itxaropena aldarrikatzea.
Nik ere ez dakit ezer baina esango nuke....