Lehendakari eta euskaldunberri
Azken bi asteotan Euskadi Irratiak eta ETB1ek estreinako elkarrizketatu dute Ibarretxe lehendakaria. Estreinako izate honek esangura du lehen aldiz izan dela, ez gehiago eta ez gutxiago.
Hala ere, albistea ez da albiste izan. Edozein huskeria berriketa-gai bihurtzen den garaiotan ez da Lehendakariaren euskal opera prima albiste bihurtu. Nahiz eta Ibarretxe bera izan, hain zuzen ere, euskal komunikabideek sekula euskaraz elkarrizketatu duten aurrenengo lehendakari euskaldunberria.
Gertakari honek hiru hausnarpide eragiten ditu. Lehenik, zenbaitek besterik uste arren, euskaraz ikasterik badela hartara jarriez gero. Orain zortzi urte, lehendakari izan behar zuela izan zitzaionean Ibarretxeri, yo no sé euskera erantzun zuen laudiotarrak. Eta burukideren batek ezarri: Pues tendrás que aprender. Eta ikasi egin du.
Bigarren hausnarpidea zera da, nahi dugu, ahal dugu delako leloa ez dela inondik ere esne-berba hutsa. Nekez izango du inork gure artean Ibarretxe lehendakariak baino ajenda estuagorik eta, hala ere, zazpi urtez zirrikituren bat aurkitu du jendaurrean, eta paperik gabe, dezente asko hitzegiten ikasi ahal izateko moduan. Berrogei urte kunplitu ondoren ikasi ere, beste zenbaiten lotsagarri.
Eta hirugarren hausnarketa, hasieran aurreratu bezala, ahalegin honek ez duela batere hitz-jariorik sortarazi. Edo euskaraz ikasi nahi ez dutenei ez zaielako komeni; edo ustez euskararen defendatzaile amorratu direnek alderdi txarrak salatzen baino ez dakitelako eta ez zaie, beraz, eredu onik ardura; edota gaur egungo belaunaldiari ez zaiola bururatzen euskaraz ez dakien Lehendakaririk izan daitekeenik ere.
Auskalo zein den erantzuna baina, besteak beste, Lehendakariaren euskaldunberritasuna euskarak azken 25 urteotan izan duen jardunpidearen adierazgarri da eta Lehendakariak berak larunbatean Andoainen adierazi bezala euskararen geroa etxean, hemen erabaki behar da. Detxeparek 1545an esana: Ogirik ez dakusat biltzen hazirik erein gabe.