Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iraun Eguna

Iraun Eguna

amat 2005/03/28 18:44
Atzo, Aberri Egunez, EAJ, EA, Aralar eta Nafarroa Bai-ren buruzagiak elkarrekin bildu ziren Amaiurren, 1522 urtean "napar askatasunaren alde borroka egin" zutenen omenetan.

Amaiur eta Aberri Eguna, Euskal Herriak burujabetzaren defentsan mendez mende garatu izan duen estrategiaren bi aurpegiak dira. Amaiurrek gogoratzen digu armen bitarteko gudugintza. Aberri Egunak, ostera, demokraziazko arauen bitarteko politikagintza aldarrikatzen du.

Kontua ez da defentsa-mota bietarik zein den onena eztabaidatzea. Segurutik Amaiurko gotorlekua etsaien indarretara makurtu behar izan zuten nafarrei ez zitzaien politikan aritzeko aukerarik eskaini. Eta, alderantziz, gotorlekurik sendoenak ere ezer gutxi defendatu lezake gaur egungo politikagintzan.

Ondo dago gero historian zehar galdutako hamaika guduren heroiak gogoratzea edota urteak joan eta urteak etorri lortu izan ditugun erakunde politikoak goraipatzea baina, esanak esan, Herri honek ez du historian zehar jarraitu galdutako guduei edo irabazitako erakundeei esker, ezelango historia-liburutan zehazten ez den euskaldunon iraun-nahi tinkoari esker baino.

Orain hurrengo Iñigo Urkullu Bizkai Buru Batzarraren lehendakariak abian jarritako hitzaren ildotik, Euskal Herriak ez dirau hemen nolabaiteko existentzialismoren bati erantzun gurarik, ezin besteko “insistentzialismoak” eraginda baino. Esaterako, euskarak munduan izan diren hiru erronkarik handienei (neolitikoa, industria iraultza eta informazio gizartea) aurre egiteko gauza izan bada, ez da gure armada indartsuei edo erakunde baliotsuei esker izan, euskaldunon berezko adore eta kemenari esker baino.

Koldo Mitxelenak zioenez, gure herri-iraultza ez da hau edo bestea egitea, herri bezala irautea baino, egoera eta aldaera berrietara egokitzen asmatzea alegia. Aberri Eguna ez da ez borroka-eguna, ez erakunde-eguna, ez alderdi-eguna, ez politika-eguna. Aberri Eguna herri-zentzu eguna, herri-borondate eguna eta herri-nortasun eguna da: Herri-iraun eguna.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: