Porrotaren aitorpena
Atzo jakinerazi zuen ETAk azken bi hilabeteotan egindako erasoen balantzea. Zer egin duen, noren kontra eta zergatik, azaldu du zintzo asko hiritarren aurrean, bere burua lantzean behin kontuak ematera beharturik ikusten duen kontable finaren antzera. Ez naiz balantzea kalifikatzen hasiko. Ez dut uste honez gero zer esan berririk gelditzen denik. Gezurra dirudien arren, oraindik ere badira nonbait gure artean politika arma horiekin egiten jarraitu nahi dutenak eta batek daki inoiz konturatuko ote diren bide horretatik ez dela ezer onik etorriko.
Balantzea ezezik, balantzea egiterakoan ETAk darabilen terminologiaz ere ez nuke bereziki ezer nabarmendu nahi. Curro Jiménez bailitzan, XXI. mendean bandido onaren diskurtso zaharkituarekin jendartean azaltzeko gertu dagoena guztiz galaxia anakronikoan bizi da. Auskalo gero inoiz jabetuko ote den Antoñita-la-Fantásticaren garaiak aspaldian joan zirenaz.
Azpimarratu nahi nuke, ostera, zenbait eraso egin behar izana azaltzeko ETAk berak aitortu duen arrazoia, negarse a dar dinero en favor de la liberación de Euskal Herria alegia, esaldi hau da-eta ETAren beraren porrotaren aitorpenik adierazgarrienetakoa. Horra non Herria zurekin aldarrikatzen hasi zen euskal askapenerako abangoardiak amaitu behar izan duen herritarren borondatearen kontra dirua errekaudatzen eta, errekaudatu ezinaren ezinez, inor mehatxatzen gainera.
Hau guztia larria izanik edozein gizartetan, are larriagoa da herrigintzaren mesedetan betidanik honen eskuzabal jokatu duen Euskal Herri honetan. Zulorik zulo, ETAri ahaztu egin zaio nonbait, Herri honek ez duela sekula mehatxurik behar izan bere nortasun-askapenerako eskupekoa ematerako orduan. Hasi ikastolen mugimendutik, atzo bertan amaitu zen Korrikaraino, hamaika ekintza eta egunkari tarteko, Herri honek ez du mehatxurik behar izan dirua jartzeko.
Dirua lortzeko pistola behar duen herrigintzak ez du tradiziorik, ez etorkizunik, gurean.