Kirol geografia
Nazioa izateko ez dago, derrigorrez, Estatu independiente izan beharrik; zenbaitetan, kirol geografiak geografia politikoa ordezkatu dezake. Besterik iruditu arren, burutapen hau ez dagokio XXI. mendeko globalizaziozaleren bati, XIX. mendeko jauntxoari baino, hain zuzen ere 1896an Lehen Olinpiar Joko modernoak Atenasen eratu zitezen eragin zuen Pierre de Coubertain baroiari.
Pierre de Coubertain aristokratak kirolaren independentzia defendatu gurarik sortu zuen 1894an Nazioarteko Komite Olinpiarra, politikak, ekonomiak, erlijioak edo bestelako gizarte-interesek kirola baldintzapetu ez zezaten.
Geroztik 111 urte joan dira eta, batez beste, nekez esango du inork kirola guztiz independientea denik baina, besterik uste izan arren, oraindik badira Coubertain jaunak aipatzen zituen kirol-geografiadun nazioak.
Juantxo Landaberea eta Borja Oses bikoteak bildu ahal izan duenez gero (Estatutik gabeko nazioak, nazioarteko kirol federazioen aurrean), munduan zehar badira gutxienez berrogeita bederatzi nazio edo Estaturik gabeko lurralde, nazioarteko kirol federazioetan euren kasa parte hartzen dutenak, Estatuen batere bitartekotzarik gabe.
Euskal selekzioen aldarria egiten den bakoitzean beti aipatu izaten da, zezenari adarretatik ez heltzeko edo, Estaturik gabeko nazioek ezin dutela inondik ere lehiaketa ofizialetan parte hartu eta, salbuespenik aipatzekotan, salbuespen bakarrak Erresuma Handiko Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Ipar Irlanda baino ez direla eta, gainera, futbolean besterik ez.
Landaberea eta Oses bikoteak bildu duenez, ostera, munduan badira Estaturik gabeko 41 lurralde edo nazio 33 kirol-federazio olinpiarren partaide eta 40 lurralde edo nazio, berriz, 25 kirol-federazio ez olinpiarretan parte hartzen ari direnak.
Auskalo gero etorkizunak zer erakarriko duen. Baina globalizazioak geografia ekonomiko txikien nortasuna eragin duen bezalaxe, daitekeena ere geografia ekonomiko txiki horien protagonismoak kirol-geografia erakartzea.