Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Europa gaixoa

Europa gaixoa

amat 2005/02/06 20:48

Bi aste barru Europako Konstituzio Ituna bozkatuko dela eta, ikusten ari garenak ez dira seriotasunaren seinalerik eredugarrienak. Bistan da Europa hitzetik hortzera aipatzen den honetan Europa ez dela helburu, aitzakia baino.

Gobernu espainiarrak ez zuen herri-bozketarik egin beharrik Europako Ituna (ez baita Konstituzioa) onartzeko. Madrilgo Gorteetan onartu zitekeen, Maastricht eta Amsterdamgoak onartu ziren bezala. Baina norbaitek pentsatu zuen Zapateroren indargarri gerta zitekeela eta... gero gerokoak.

Inori ez zaio Europarik interesatzen. Ikusi besterik ez dago Europaren inguruan plazaratzen ari den eztabaidaren mami edo muina ez dagozkiola bozkatu beharreko itunari, barne-politikagintzaren interes hurbilei baino. Purruztada asko dago eta pedagogia gutxi, arinkeria lartxo eta informazioa urritxo.

Europa bihurtu nahi dugu gure nahi eta ezinen ispilu, gure mamu guztien isla. Ondo dago gogoratzea, esaterako, Europak ez duela euskera ofizialtzat joten. Baina ahaztu gabe, behintzat, euskera ez dela ofiziala ez espainiar Estatuan, ez Iparraldean, ez eta Nafarroa osoan ere. Europa ote horren errudun ere?

Proposatzen zaigun urratsa ez omen da “aski”. Jakina, azken berrogeita hamar urteotan tarteka-marteka eman diren urratsak, banan-banan, “aski” izan ez ziren bezalaxe. Baina urrats apal haiei esker dugu gaur egun Europako Legebiltzarra, aduanarik eza, gero eta mugaz gaindiko harreman gehiago, moneta bakarra eta 25 Estaturen arteko eremu bateratu eta lehiakorra.

Proposatzen zaigun Europa soziala ez omen da “nahiko”. Bapo. Baina gutxienez onartu beharko genuke munduan den gizarterik sozialena dela eta jakin ere jakin beharko genuke dugun ongizate horri eusteko Europa elkartua bera behar dugula indartu. Bestela, jai.

Europa ez zaiola inori ardura salatzen ari dira komunikabideak. Segurutik arrazoi dute. Baina ez dutena esaten zera da: beraiek direla Europari batere garrantzirik eta informaziorik eskaintzen ez dioten lehenak.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: