Bulegoa ere defendituko dut
Erreportarien maisu den Ryszard Kapuscinski (El Emperador, El Sha, El Imperio, Ébano, Los cínicos no sirven para este oficio... ) kazetariari galdetu zioten behin ea nork ote zuen arrazoia, Ernesto Guevarak ala Salvador Allendek. Jakina denez, Che Guevarak ministro-bulegoa utzi zuen eta Boliviako gerrilaren komandante zela hil zuten. Allende, aldiz, Txileko presidente-bulegoa eta lan-mahaia defenditzen hil zuten.
Kapuscinskiren ustez galdera ez zen batere zuzena, galdegileak aldez aurretik uste baitzuen bietako batek baino ezin zuela arrazoia izan. Hala ere, erreportari ospetsuaren iritziz, bi heriotza horiek guztiz ezberdinak ematen duten arren funtsean berdin-berdinak omen dira, diferentzia bakarra noiz, non eta nola baino ez baita. Hau da, batak zein besteak, biek, arrazoi berbera omen zuten, euren bizitza herrigintzaren onetan eskaini zutenez gero.
Segurutik Guevarak Bolivian sumatu zuen giroa ez zen politikagintzaren itun eta hizjario hutsez konpontzeko modukoa baina, aldi berean, Allendek Txilen ezagutu zuen gizartea, txarrenean ere, ez zen armak hartu eta tiroka moldatzeko bezainbatekoa.
Dena den, Kapuscinskiri egin zioten galdera erabat zuzena ez izan arren, zalantzarik ez gero Che Guevararen gerrillari-botei edo Allenderen aginte-mahaiari darien sinbologia ez dela berdina. Indargintzan hezitutako milaka urteko grina lehenago pizten da gerrillari jantzita, gorbataz atondua baino. Bada hor epika zaharkituren bat armen erabilpena purifikatzeko eta eguneroko herri-administrazioa gutxiesteko gauza dena.
Aitaren etxea defenditu beharra aldarrikatu zuen poetak. Beharko defenditu bai, lehen, orain eta gero ere. Baina, Kapuscinskik esan bezala, defentsa bakoitzak badu bere noiz, non eta nola planteatu beharra. Eta herrigintzaren arazorik garrantzitsuenak herri-administrazioaren egoitza, bulego eta mahaietan erabakitzen diren garaian, ez luke batere zentzurik egoitza, bulego eta mahai horietatik kanpo aritzea.