Mendira joten omen dugu
Espainiar gizartea beldur da euskaldunok mendira joko ote dugun. Euskeraz ala erderaz esan, esaldiak zentzu ezberdina du. Euskeraz, mendi-joera mendira igoteko zaletasuna baino ez da. Erderaz, ostera, gainditu beharreko arrisku edo tentaldia. Behar bada normala da. Euskaldunok, mendira joko badugu, ez dugu urrutira joan beharrik, mendiartean bizi gara-eta. Mendietatik urrin bizi direnentzat, berriz, mendia leku basati samarra da.
Euskaldunok mendia maite dugula konturatzeko ez dago asteburutan Formigal edo Luz Ardidenera joan baino eta zenbat eskilarik dakien euskaraz entzun. Euskaldunen proportzioa gehitu egiten da eski alpinoa izan beharrean fondokoa baldin bada, are gehiago mendigoizaleak badira eta zer esanik ez eskalatzaileen artean. Datu objektiboa da: Gorbeiara igoten diren gasteiztarrak igoten ez direnak baino euskaltzaleagoak dira.
Eztabaida sortzen da, ordea, mendizaletasun hau interpretatzerako orduan. Nik esango nuke, oro har, euskal gizartea espainiar gizartea baino mendizaleagoa dela eta, aldi berean, kirolzaleagoa, naturazaleagoa eta berdeagoa. Baina, mendi-joera hau zer da, baserritarkeria ala modernitatea? Euskal gizartearentzat mendia bertatik bertara dagoen ingurua da, mendizaletasuna jatorra eta osasungarria da: gu gara mendia. Espainiar gizarte kalekumearentzat, aldiz, mendia leku esotikoa da eta mendizaleak jende uzkur eta fidagaitza. Gu asteburua noiz helduko mendiaz gozatzeko eta espainiar gizartea beti beldurrez noiz gu mendira joko.
Eta ez gero pentsa estatistika hutsetan ari naizenik. Aznarri dominoan jokatzea gustatzen zaio eta Ibarretxeri, berriz, mendateak igotea. Imazek sei orduko mendikadak egiten dituen bitartean, Raxoyk hamabi euroko zigarro puruak ditu nahiago. Ez dago sintoniarik: Zapatero beldur da euskal gizarteak mendira joko ote duen eta gu, ostera, zain noiz berak behingoz botak jantziko. Dena dela, Felipe Gonzalezen bonsaiak baino zerbait ganorazkoagorik behar izango du mendi-itxurak egiteko.