The end of the Nation State
Luis Seara nere ilobak peronismoa zertan den ulertzeko liburua bidali dit Argentinatik: Los tres peronismos. Estado y poder económico: 1946-55 / 1973-76 / 1989-99 (Ricardo Sidicaro. Buenos Aires, 2003). Izenburuari darionez, ez da justizialismo politikoaren historia, azken 50 urteotan peronismoaren ildotik Argentinan izan diren aldaketa ekonomikoen azterketa baino: Peronen Estatu-interbentzionismotik, Menemen amerikar-globalizazioraino.
Egileak Menemi kritikatzen dio Keinichi Ohmae ekonomilariaren globalizazio-tesiak (The end of the Nation State) indarrean jartzea, Argentinako nazio-estatuaren burujabetzari utzi eta Washingtonen morroi amaitu izana. Hau da, euskal ekonomiaren arrakasta ulertzeko erabiltzen ditugun Ohmaeren teoria berberak omen dira Argentinako ekonomiaren hondamendia erakarri dutenak.
Keinichi Ohmaeren tesia ezagun samarra da. Bere ustez, globalizazioa dela-eta, nazio-estatuak txikiegiak dira honez gero mundu-ekonomian eraginik izateko eta euren lurralde, enpresa eta hiritarren interes ekonomiko tradizionalak babesten ahalegintzen diren Estatuek ez dute luzera etorkizunik. Eta, alderantziz, nazio-estatuaren babesetik kanpo baldintza lehiakorrak sortzeko gauza diren lurraldeek arrakasta lortu dezakete mugabako mundu-ekonomian.
Beraz, behar bada, Menemen politika ekonomikoak ez zuen porrot egin Ohmaeren okerreko teoriak jarraitzeagatik, Ohmaeren teoria zuzenak oker jarraitzeagatik baino. Izan ere, amerikarren morroi edo ez, Argentinak ez dio sekula nazio-estatu izateari utzi. Industria argentinarrak ez du nazioarteko lehiakortasunik lortu eta bere produktuak ez dira nazioarteko merkatuetan saltzen. Euskal ekonomia, ostera, Alemania edo Frantziakoa baino irekiagoa da.
Paradoxa bada ere, Argentinak ez du bururik altxatu, nazio-estatua izan arren, nazio-estatua izateari eutsi nahi izan diolako. Eta Euskadik gora egiterik izan du, ez nazio-estatua delako, hain zuzen ere nazio-estatua ez dela jabetu delako baino.