Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Umberto Eco eta Amoroto

Umberto Eco eta Amoroto

amat 2005/01/02 19:32

Berrogei urte joan dira 1964an Umberto Ecok “Apocalittici e integrati” saiakera argitaratu zuenetik hona. Garai hartan eztabaidan zegoen telebista genero estetiko berezia ote zen ala ez, eta Eco irakaslea gaztea (Piamonte, 1932) “apokaliptikoen” (telebista, antikultura) eta “integratuen” (telebista, kultura-zabalkundea) arteko zubigintzan saiatu zen. Orain 40 urte nagusi ziren telebista estetika propiorik gabeko teknologia hutsa zela uste zutenak. Orduko azterlarien ustez, telebista elektronika-eskoletan ikasi beharrekoa zen. Hain zuzen ere, aldez aurretik zeuden generoak (albisteak, filmeak, antzerkiak, kontzertuak, dokumentalak...) etxez etxe zabaltzeko teknologia baino ez. Hau da, telebistak ez zuen generorik, denetarik (poesia, nobela, saiakera, ipuinak...) kaleratzen duen argitaletxeak generorik ez duen bezala.

Umberto Ecok, berriz, erdibidetik jo zuen. Haren ustez, telebista ez zen ezelango generoren jabe baina, hala ere, teknologia hutsa baino zerbait gehiago zen. Semiotika maisuaren iritziz, telebista ez zen generoa, ezta teknologia ere, zerbitzu soziologikoa baizik. Alegia, han-hemenka zeuden espektakulu-mota guztiak gizarteratzen zituen zerbitzua.

Auskalo Umberto Eco teorilariak arrazoirik ote zuen orduan, baina orain ez behintzat, ez dira-eta alferrik berrogei urte pasatu. Geroztik, telebistak aldez aurretik zeuden generoak bereganatu ditu. Gaur egungo albistegiak ez dira orain berrogei urtekoak, telefilmeak espreski egiten dira telebistarako eta antzerkia desagertu da “reality”en mesedetan. Are gehiago, gaur egun audientziarik gehien duten programak telebistaren beraren fruitu dira, telebistan baino ezin ikusi direnak.

Jakina da teknologia bakoitzak (liburuak, argazkiak, zineak... ) bere genero aproposa sortzen amaitu izan duela beti. Telebistak ia 70 urte behar izan ditu bere moldeak asmatzeko. Orain Interneten garaia omen. Teknologia hutsa? Zerbitzua? Fenomeno soziologikoa?. Genero estetikorik ez behintzat... oraingoz.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: