Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Comunidad nacional"

"Comunidad nacional"

amat 2004/12/26 19:54

Orain 30 urte, Telesforo Monzonek hainbat gazte bildu eta esan zien: EAJk lan handia egin du eta Euskadik asko zor dio, baina honezkero EAJ historia da, ezker abertzalearen garaia da. Zenbait egun geroago gazte-talde hura Juan Ajuriagerrarekin bildu eta beste hau entzun zuen: EAJ bere onenak emateke dago, gure aurrekoen ondareari eusteko gai bagara. Anekdotak bi gizon haien irizpide kontrajarriak adierazten ditu.

Donibane Lohitzuneko jauregian bizi zen aristokratak bere aurrekoei muzin egin zien bitartean, heriotz-zigorra, gartzela, klandestinitatea eta erresistentzia ezagutu zituen gudariak aintzat hartu zituen. Poetak monarkiaren lilurari eta borroka armatuaren epikari egin zien men. Teknologoak, ostera, bere buruzagien esperientzia eta ekarriari.

Ez dut uste euskal gizartea jabetu denik Agirre, Landaburu eta Irujoren belaunaldiaren ekarriaz (“Desde el futuro. Nacionalismo es más democracia”. Josu Legarreta. Alberdania, 2004). EAJn ez dira denak konturatu, gainerako abertzaletasunak nahiago izan du begiak itxi eta abertzale ez den eremu politikoak ezikusi egin du. Baina, hala ere, hirukote horren ondare ideologikoa ez da EAJrena bakarrik, gizarte osoarena baino.

Orain pilpilean ditugun ideia eta balore politikorik gehienak Agirrek, Landaburuk eta Irujok aipatu zituzten sarri: hala nazio zibikoa nola mugarik gabeko Europan parte hartu beharra; aniztasuna zein nazioarteko solidaritatea; giza-eskubideak, gizakiaren balorea edo mehatxurik eza; burujabetza konpartitua eta interdependentzia... Hori guztia asmatua zegoen gu gehienok jaio aurretik eta segurutik denak aurrera egingo zukeen Franco, lehenik, eta ETA, gero, agertu izan ez balira.

Adibide esanguratsu bat baino ez. Horra non agertu diren sozialistak “comunidad nacional” delakoa irtenbidetzat proposatuz. Auskalo formula horrek balio duen ala ez, baina Irujo abertzaleak formulatu zuen... 1955an¡

Ez dakit Herri honek memoria historiko handirik duen ala ez. Baina historiaz jakin behintzat, ezer gutxi.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: