Euregio, zaharra berri
Non eta, Madrilen, Maragallek adierazi du: “La frontera del Bidasoa ha desaparecido y, por tanto, la euroregión vasca será imparable. Eso es algo que hay que empezar a considerar, incluso como positivo”. Auskalo zer esan nahi duen “incluso” horrek baina, era batez zein bestez, Kataluniako presidentak ezarri du: “Eso va a ocurrir. No hace falta ser ni nacionalista ni independentista para predicar algo que una a siete provincias que están, cuatro a un lado y tres a otro”.
Maragallek esandakoa estreinako iruditu dakioke hainbati --baita probokazio hutsa ere behar bada--, baina ez da inondik ere berria, Europa bera bezain zaharra baizik. Euroregio naturalak betidanik izan dira Europan, orain horren indartsu diruditen estatuak sortu baino lehenago gainera. Izan ere, batere europar zentzurik gabeko Espainia eta Frantzia estatuak izan ziren lehendanik hemen zegoen euskal euroregio zaharra bitan banatu zutenak.
Hala ere, osatzen ari den Europar Batasun berriak bere barne-egiturak hausten dituen neurrian, sasimuga guztien gainetik betidanik izan diren errealitateak loratuko dira, eta ez ideologia politikoek beharturik, auzokideen gizarte eta ekonomi-interesek eraginda baino. Izan ere, paradoxa dirudien arren, politika ez da beti bidelagunik onena izan mugarteko zenbait egitasmo bideratzeko.
Europan bada hainbat esperientzia, Alemania eta Holandaren arteko Euregio izenekoa kasu, non Europar Batasuna sortzearekin batera elkarren mugen gainetikako eremu ekonomikoa osatu den. Ia hogeita hamar urte dira honezkero Euregio plataforma sortu zena eta, bere web orrialdean ikusi daitekeenez, Alemania eta Holandaren mugarteko eskualdeek edozenbat egitasmo burutu dituzte elkarrekin, garraio-planak egiterakoan, kultura eta turismoa sustatzerako orduan, edota kanpo-inbertsioei aukerak eskaintzerakoan.
Ezer konpondu nahi ez denean edozerk balio izaten du atxakiatzat eta arazoak konpondu nahi direnean, ostera, ez da soluziorik falta izaten.
Amatiño