Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txema Auzmendi, santu eta borrero

Txema Auzmendi, santu eta borrero

amat 2004/12/12 00:02

Nabarmena gero zein antzerakoak diren zenbait jarreratan PP eta HBko munduen arteko taktikak. Garai batean HB inguratu zen bezala izen ezberdineko edozenbat elkartez, taldez, siglaz eta gainerako akronimoz gizarte aurrean benetan zirenaren baino gehiagoren itxurak egiteko, gero PP izan zen bide beretik jo zuena, hainbat txiringito perretxikoak bailiren han-hemenka sortaraziz, unibertso zentzudun guztia popularrekin balego bezala.

Gizartean zehar mezurik zabaltzerakoan ere, batzuk zein besteak ahalik eta aldarririk murritz, kamuts eta xumeenak ialgitzen ahalegintzen dira, beti ere behin eta berriz lelo berberak errepikatzen eta iragarki-spotaren teknika aspergarriaz baliatuz. HBren hitz magikoak borroka (euskara bai, borroka ere bai), presoak (jaiak bai, presoak ere bai) edo gatazka (ez da gatazka besterik, gatazkak dena arrazoitzen baitu) izan izan diren legez, PPren azken urteotako aitzakia magikoa biktimak izan dira.

Kontua ez da, ostera, borroka, presoak edo biktimak gogoan hartu behar ez direnik; borroka, presoak eta biktimak gogoan hartzeaz gainera, gizartea oro har eta politikagintza bereziki hori guztia baino zerbait konplexuagoa direla baino. Magiazko murriztapenak ulergarri –eta errazgarri-- dirateke komunikazio arloan, baina eguneroko lan, arazo, jarrera, jokabide eta kudeaketari ere erantzun egin behar zaie. Izan ere, herrigintza hatsapen eta aldarri hutsa baino zerbait gehiago da.

Nik ez dut batere zalantzan Gipuzkoako Aldundiaren Giza Eskubideen Saria merezi izan duen Txema Auzmendik borroka, presoak eta biktimak gogoan dituenik, baina egon ere ez dago batere zalantzan Txema Auzmendi jesulagun, misiolari, kazetari, samaritar on eta Elkarri zalea hori guztia baino zertxobait gehiago dena.

Ez dago maiuskuladun borrokarik, borroka asko dago. Preso guztiak ez dira politikoak eta biktimek senide ezberdinak dituzte. “Euskaldunon Egunkaria” dela-eta auziperatua izanak ez du Txema Auzmendi santu egiten, baina ezta horregatik infernuratuko ere.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: