Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Guk gehiago merezi dugu

Guk gehiago merezi dugu

amat 2004/12/04 11:42

Estatu espainiarreko gizarte elebidunen “hizkuntza nahikundea” neurtu zuen Foessa Fundazioak 1970an, Franco hil baino bost urte lehenago. “Nahikundea” zen lekuan lekuko hizkuntza jakiteko gizarte-premia eta gizabanako bakoitzaren ikasteko gogoaren arteko balantzea.

Orduko datuen arabera, euskal gizartea zen borondatetsuena (%38), hau da bertako hizkuntza ikasteko premiarik gutxien zuena eta, aldi berean, gogorik gehien erakusten zuena. Ondotik zeuden Valentzia (%28), Galiza (%24), Balear Irlak (%16) eta Katalunia (%10). Belaunaldi oso bat geroago, euskararen egoera dezente aldatu den arren, ez da lar aldatu euskara lantzeko premiarik eza eta hiritarrok euskararen alde agertzen dugun defentsa teorikoaren arteko desoreka.

Gure jarrerak eskizofreniko samarra izaten jarraitzen du. Batetik, erdararik ez dakien inor gelditzen ez den herri honetan, euskararen aldeko gizarte-nahikundea sekula izan den handiena omen da. Bestetik, euskal emaria orain 30 urte inork uste zezakeen baino oparoagoa izan arren, kontsumoak ez du proportzio bereko igoerarik izan.

Gurea kontraesanez betetako gizartea da. Eurak ikasi ez arren euskara inorentzat eskatzen duten politikariak ditugu eta, nahiz-eta euskarazko pelikulek publikorik ez izan, filmeak euskaraz aldarrikatzen dituen publiko zinezale amorratua. Aldi berean, gogoratu baino ez dago, zenbat liburu irakurtzen dugun euskaraz urtean zehar; zein den etxeko telebistan lehen katea; zein hizkuntzatan dugun PCren programa, eskuko telefonoaren terminologia edo dirukutxa automatikoaren aginduak.

Jakina, esan beharrik ez errua ez dela euskaldun peto-petoona. Gauza jakina da-eta aukera urria dela, itzulpenak astunak, Euskaltelen operadoreari nekez ulertzen zaiola eta egunero parean tokatzen zaigun euskaldunberria totela dela.

Martxa honetan, horrenbeste erdaldun ardurabako, euskaldunzahar trakets, euskaldunberri mordoilo eta agintari petralen artean, inoiz egingo al digute guk merezi dugun euskal gizarterik?

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: