Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Wie Navarra spanisch ward und blieb” (1849)

“Wie Navarra spanisch ward und blieb” (1849)

Amatiño 2022/06/07 11:30
Amaiurreko azken batailaren 500. urteurrena (1522-2022) oroitarazten den honetan, kalean da ”De cómo España conquistó a Navarra y la retuvo” (Leipzig, 1849) liburua*, duela ia bi mende argitaratua izan arren ezkutu samarrean iraun duena**. Besteak beste, Wilhelm Soldan historialariak 30 orrialdetan barrena laburbildu zituen Nafarroa burujabetza galtzera eraman zuten gertakariak.

Gertakari politikoak, oro har edo gehienbat, Nafarroak ez baitzuen askatasuna gudu-zelai hutsetan galdu, espainiar zein frantziar koroen eta Erromako Egoitza Santuaren arteko interes kontrajarrien  korapiloetan baizik, beharrezko botere-banaketa, azpijoko eta ezkontzak tarteko, 1512tik 1559ra bitarteko lau hamarkada luzetan zehar.

Hain zuzen, laburtu beharraren beharrez, sutearen metxa isiotu zen 1512an, Aita Santuak, Veneziak, Aragoi-Gaztelako Fernando Katolikoak eta Ingalaterrako Enrike VIII.ak Liga Santua osatu zutenean Frantziako Luis XII.aren kontra. Gudaroste ingelesa eta espainiarra Baionan elkartzekotan geratu zirelarik, britainiarrak itsasontziz Hondarribira heldu ziren, itsasbazterretik Aturriraino abiatzeko. Aragoiko erregeak,  berriz, artezago eta seguruago izango zenaren aitzakiaz, Donibane Garaziraino iristeko Orreagatik pasatzea proposatu zuen. Geroztik ez zuen inoiz atzera egin.

Mendez mende, Frantziako eta Espainiako historialariek alde bateko zein besteko argudio komenigarriak azaldu izan dituzte, nork bere ikuspegia defendituz. Alemaniarra izanik, ordea, Soldani onesten zaizkio nolabaiteko neutraltasun eta objektibotasuna. Eta beronen diagnosi bikoitza zera da: 1) Estatu mailako kontua izan zen. Estatu handien tirabiren artean, txikiek hitza ere galdu ohi dute. 2) Historian geratu den eztabaida ez da Nafar Erresumari jatorrizko burujabetzarik dagokion ala ez, frantsesa edo espainiarra ote den baizik.

Dokumentatua dago Karlos I.a (1500-1558) eta Felipe II.a (1527-1598) aita-semeak “kontzientzia” txarrez-edo hil zirela, Fernando (1452-1516) aitonak utzi zien oinordetzaz, baina ez zuten egoera aldatzeko ezertxo ere egin. Frantziak, berriz, 1720an. aldarrikatu zuen, azken aldiz, Nafarroa bereganatzeko eskubidea.

 

* Mintzoa argitaletxeak plazaratu liburuak hiru parte ditu: 1) Whilhelm Soldanen tesiaren aurkezpena (Peio J. Monteano Sorbet). 2) 1849ko Wie Navarra spanisch ward und blieb originalaren kopia digitala (Bayerische Staat  Bibliothek). 3) De cómo España conquistó a Navarra y la retuvo, gaztelaniazko itzulpena.

** 2020ko martxoan Irigarai familiak dohaintzan eman zion bere funts dokumental eta bibliografikoa Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari. Besteak beste, tartean zen Wilhelm Soldan historialariaren tesia. Originala alemanez eta gaztelaniazko itzulpena, berriz, Aingeru Irigaraik edo Alexander Tapiak egina, nonbait.

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2022/06/07 12:22
Interesgarria Nafarroaren ikuspegi burujabe hori, eskerrik asko Amatiño.

Izenburuak atentzioa eman dit, alemanierazko eta gaztelerazko bertsioek badute desberdintasun deigarri bat. Gaztelerazko izenburuak sujetua Espainiarengan jartzen du eta alemanierazkoak Nafarroarengan.

Alemanierazko izenburuak literalki hau dio: "Nafarroa nola espainiar bihurtu zen eta nola geratu zen". Hau da, "Cómo Navarra se hizo y siguió siendo española"
Amatiño
Amatiño dio:
2022/06/07 14:18
Bai. Hori da Google-ren itzulpena. Horregatik ez dut nik nire kasako hirugarren itzulpenik eskaini. Biak jarri eta kitto. Mintzoa argitaletxeak eta Monteano jaunak jakingo al dute¡
Nagore
Nagore dio:
2022/06/12 23:48
Giputz alua! Uztazu pakean nafarra, urde halakoa, eta eduki lotsa zerbait. Behar da gero gorputza izanda nafarren alde agertzeko.Hoa apapa!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: