“Uharte polita”, non txoriak ez diren gizakiez izutzen
La Palma, Kanariar Uharteetan mendebaldekoena, erupzio batez altxatu omen zen itsasotik gora, orain 20 milioi urte, eta bertan dago munduko sumendi-kraterrik zabalena, 10 kilometro inguruko perimetroaz.
Uharte osoa Gipuzkoa erdi baino txikiagoa den arren, dena da galanta La Palman: etenik gabeko mendi-ibilbide sarea, neurriz kanpoko flora, laurisilva baso subtropikal hezeak, mendi-gailurretan egunero biltzen diren hodei-multzoak, gau-oskarbi izarratuak, bertako biztanleen enpatia abegitsua eta sumendien biziraupena, 1971an iratzarri zen Tenegia lekuko.
La Palman iraun ez duen bakarra da lehen biztanleen herria: benahoaritak. Afrikako berbereen jatorrikoak ziren, 1.200 lagun-edo, guztira. Gaztelako Armadak aski izan zuen urtebete (1493), indarrez eta gezurrez, Tanausu buruzagia menderatzeko. Hiruzpalau belaunalditan haien zantzuak eta hizkuntza betiko desagertu ziren. Konkistatzaileek ez omen zuten ezer biltzeko denborarik ere izan. Segurutik, ezta bildu beharrik sumatu ere.
La Palma uharteak du Bidasoaldeak beste biztanle. Umeak kalean bizi dira, etxeetako ateak ez dira ixten eta txoriak, txepetxak bezain txikiak nahiz beleak besteko handiak izan, eskura etortzen dira zer jan eskainiz gero.
Taburiente galdara, munduko sumendi-kraterrik handiena. Gailurrez gailur, bidezidorra dago. Barrenean, Teide sumendia (3.718 m), Tenerifen.
Hamar kilometroko perimetroan barrena, bidezidorra sumendi-kraterraren amildegian zehar.
Tarteka-marteka, hainbat gailur, denak ere 2.200 metrotik gorakoak
Roque de los Muchachos (2.426 m.), non 16 herrialderen 14 teleskopio dauden jarriak. Txileko eta Hawaiiko kokaguneekin batera, La Palma da izarrak behatzeko lekurik aproposena.
Tenegia sumendia 1971 urtean iratzarri zen azken aldiz. Argazkian, mendizaleak itsasbazterreko sumendirantz.
Horren garo eta harri garauen artean, mendizaleak ipotxa dirudi.
Marcos eta Cordero erreken iturburuetarainoko xendra da, La Palmako mila kilometro baino gehiagoko zidorretan, ibilbiderik berezienetakoa. Ubideak edozenbat tunelpe eta amildegi gurutzatzen ditu, lau ordu luzetan zehar.
Santa Cruz de la Palma