Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “The Brutalist”, arkitektura-artearen garaipena

“The Brutalist”, arkitektura-artearen garaipena

Amatiño 2025/02/07 23:35
Hamabost minutuko atsedena tarteko, balirudike lau orduko eserialdiak luzeegi suertatu behar duela, baina ez da, inondik ere, horrelakorik gertatzen. Hasi eta buka, aspergaitz egokitzen da une oro. Bestelako zertzelada guztien gainetik, horra “The Brutalist” filmaren meritua eta merituari datxekion sekretua.
“The Brutalist”, arkitektura-artearen garaipena

Adrien Brody

Iparrameriketako mundu berriari neurria hartu ezinda diharduen arkitekto (Bauhaus eskolakoa-edo) iheslari judu sudurluze egoskorrak nola eman dezake horrenbeste joko The Brutalist filmean? Menturaz, balio estetiko atseginik zail samar eskain dezakeen zementu hutsezko (béton brut, zementu gordina) (1) arkitektura ez da filmaren janzkera soila, istorio (2) osoaren funts eta adierazpide baino. Paradoxa galanta bai baita,  harako "amerikar ametsaren" eta gizabanakoaren arrakasta loriatsuaren erraietan  joera naziaren erroak sumatu ahal izatea. Eta dena elkarrekin mamitzeko gatzariarenak egiten, berriz, Adrien Brodyren (The Pianist, 2002) mailako aktore miragarria, zeini nekez ostuko dion inork bigarren Oscarrik.

Holokaustoaren infernutik Ipar Ameriketara ihesi doan László Toth (3) arkitektu judu hungariarraren fikzioa asmakizun hutsa da. Baina ez da batere asmakizuna, ordea, arkitektura inbertsio asko, interes asko eta botere asko bahetu behar dituen artea dela. Are arte handiagoa, hiruak menperatzeko gauza den heinean. Eta filma, arkitektura-artearen garaipena da. Ez, ospakizun-egunean isilik geratuko den arkitektuarena.

The Brutalist vs Emilia Pérez

Hurrengo Oscar sarietarako 13 nominazio dituen Emilia Perez filmarekin alderatuz gero, datuak ezin adierazgarriagoak dira:

-- Oscarretarako 13 nominazioz jabetu eta Cannesko zinemaldian bi (4) sari jasotako  Emilia Pérez film frantziarrak 130 minutu dirau,  28 milioi dolarreko aurrekontua eta, 9 hilabetean, 11,5 miloi bildu ditu.

-- Oscarretarako 10 nominazio lortu eta Veneziako zinemaldian saritutako (5).The Brutalist iparamerikarrak, ostera, 215 minutu ditu, 9,6 milioi dolarreko aurrekontua eta, 5 hilabetean, 11,7 milioi eskuratu.

Wikipediaren datu hauek urtarrilera artekoak dira, hauspotu berri den polemika aurrekoak. Hau da, ez dute zer ikusirik 2020-2021 urteetan Karla Gascónek idatzi zituen tuit arrazistekin, ez eta orain, haren kaltetan, norbaitek oroitarazi nahi izan dituen interesekin ere. 

 ---oo0oo---

1) Wikipediak ez du euskarazko adierarik jasotzen. Zementu hutsa, kofratua kendu eta dagoen-dagoenean,  bestelako hornidura, pintura edo ezarpenik gabe.  Estilo horretakoak dira, esaterako, Begoñako igoigailua, Donostiako Carmelo Balda pilotalekua edo Pasaiako Itsas Eskola.

2) "Iturburu" (The  Fountainhead) filma (Gary Cooper eta Patricia Neal, 1949) gogorarazten omen du, baina, arkitekturaren eraberritzeaz izan ezik, filmek ez dute elkarrekin batere zer ikusirik. Besteak beste, "The Brutalist" alegoria sinesgarria da eta "Iturburua" kolektibismoaren aurkako estatubatuar folletoi sinesgaitza. 

3)  Laszió Toth izenik zabalduenetakoa omen Hungarian. Iñaki Agirre edo John Smith bezainbatekoak. 

4) Epai-mahaiaren saria eta Emakume aktorerik onenari.

5) Zuzendaritzarik onenari,

---------------------------

Emilia Pérez. Sinesgarritik gutxi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: