“Tejo” eta “tejua”
Bederatzi laguneko taldea Pirinioetan, solasean, Aragoiko Somontano ardo zuri, arin eta frutatsua edaten. Ustekabean, bertakoa amaitu eta tabernariak, hobe beharrez, ardo nafarra dakar ordezkotzat. Gorputz handikoa, trinkoa, usaintsua, zapore bereziduna. Birritan pentsatzeke, nik neuk diot:
Éste no tiene nada que ver con el que estábamos bebiendo. Comparando con el anterior, éste tiene hasta tejo.
Tejo? Qué es tejo?
Bart iluntze arte nik uste nuen tejo hitza zeharo normala zela gaztelaniaz baina, itxuraz, ez; nirekin zeuden euskaldun eta aragoitar guztiak sekula entzun gabe zeuden, behintzat. “Querrás decir deje…” Nik, berriz, betidanik tejo erabili izan dudala arrunt asko eta… horra eztabaida: Google… Wikipedia… deje, bai, baina tejo molderik, inon ez.
Etxeratu ostean, kezkaz ekin nion tejo hitzaren nondik norakoa aurkitzeari. Arduratzen ninduena ez zen arrazoirik ote nuen ala ez, zahartzen ari ote nintzen baino; hitzak ahazten, nahasten eta asmatzen alegia. Googlen berriro sartu, RAEren (Real Academia Española) hiztegia miatu eta… ezertzo ere ez.
Eta, euskaraz balitz? Euskaltzaindiaren hiztegiak begiratu; Elhuyarren, Labayrun, Eibarkoan eta beste hainbat hiztegitan sartu… ezta azterrenik ere. Etsi nahiezta, edozenbat huts egin ostean, halakoren batean idatzi nuen teju txarra, tejoa nekez izan daitekeelakoan-edo dezente ona. Eta, oraingoan bai, erantzun zehatz bi: Nabarnizko eta Arantzazuko euskara-hiztegietan.
Oñati aldekoak dio: Tejo, tèjua eiñ: mal olor de una vianda alterada. Eta Bizkaikoak, berriz:
Eta Googlek biderik markatu ez arren, baita Bergarako lexikoak ere:
Tejo eta dejo (deje “vulgarismoa”, omen) adierek jatorri bereko hitzak direla ematen dute erabat, nahiz Plazido Mujikaren hiztegietan esangura berdinezak izan euskaraz ala gaztelaniaz begiratu. Euskaraz, tejo: peste, hedor, fetidez, mal olor. Gaztelaniaz, deje: kutsu, keru, urrin. Eta dejo: utziera/usain/mintzaera.
Azkuek, berriz, Baztanen kokatzen du teku adiera: dejo, tufillo. Eta sarean dago adibide polit eta esanguratsua: errudun-tejua
Dena dela, amaitzeko, hasierako galdera berbera: ni al naiz, gaztelaniaz ere, tejo erabiltzen duen eibartar bakarra?