Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Tanttaka”, tantaka-tantaka

“Tanttaka”, tantaka-tantaka

Amatiño 2024/02/25 11:30
Tanttaka taldea euskal antzerkiaren sare, ildo, maila, sorkuntza, errutina, lanbide, ispilu, erreferentzia eta berme da, gaur egun. Hau guzti hau, unean uneko antzezlan eta jendaurreko saio bakoitzaren gainetik balioetsi, zoriondu eta mimatu beharrekoa.

Tanttakak Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztu zuenetik abenduaren 3an (aurrestrainaldia Urnietan izan zen azaroaren 17an.), “Esnearen kolorekoa” (Nell Leyshon, 2012) antzerkiak ez du ia etenik izan.

Besteak beste, Andoain, Gasteiz, Arrasate, Getxo, Bergara eta Donostian izan da dagoeneko, eta ondoren izango, barrena, Eibar (etzi), Oñati, Iruñea, Santurtzi, Beasain, Azkoitia, Hernani, Tolosa eta Zumaian. Gero gerokoak, ajenda jakineko arrakastaren egutegia besterik ez.

Segurutik, “Esnearen kolorekoa” antzezlanaren eraginaren atzetik ezpal oneko arrazoi asko dago: oinarrizko kontakizun esanguratsua, Aizpea Goenagaren itzulpen ona (ezohiko noka eta guzti), Fernando Bernuésen zuzendaritza eta Mireia Gabilondo, Jose Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza, Aitziber Garmendia, Miren Arrieta zein Jon Olivares seikoteak ordezkatzen duen bi belaunaldien ofizioa,  Funtsean, Tanttaka taldearen etengabeko lanaren fruitua.

Tantaka-tantaka, Tanttaka Teatro taldeak bidea urratzen asmatu du 1983an sortu zenetik hona, eta azken hiru hamarkadotan berrogeita hamarren bat antzezlan taularatu ahal izan du, euskaraz zein gaztelaniaz. Konpainia eklektikoa, aldi bereko hitzordu anitzetan, antzezpen zeharo berdinezak elkarlanean gurutzatzeko gai izan da eta da.

Gaur egun, Tanttaka euskal antzerkiaren sare, ildo,  maila, sorkuntza, errutina, lanbide,  erreferentzia eta berme da. Hau guzti hau, unean uneko antzezlan eta jendaurreko saioaren gainetik, balioetsi, zoriondu eta mimatu beharrekoa da.

Eta egin beharreko hiruak egiteko, modu bat besterik ez dago: antzerkira joaten. Gainerako guztiak esne-berbak dira.

.

Tanttaka Esnearen kolorekoa
Jon Olivares, Joseba Apaolaza, Aitziber Garmendia, Jose Ramon Soroiz, Mireia Gabilondo eta Miren Arrieta.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: