“Pépinière viticole”, ardo-mintegia
Arestian egon gara hainbat lagun Proventzan. Bada gero zer ikusirik inguru zabal eta aberats hartan: erromatar garaiko ondareak (Nimes, Arles, Orange...), historiaren aztarrenak (Avignon), itsasbazter aparta (Camarga Natura Parkea), Europako 2013ko Kultura Hiriburua (Marseilla), lehen-lehen mailako pintura-erakusketak (Aix-en-Provence) edota Frantziako ardorik onenetakoak (Chateauneuf-du-Pape). Oraindik ere bertan dirau Frédéric Mistral Nobel Sariak suspertarazi zuen proventzerak (okzitaniera).
Zerrenda horretatik ezer gutxi, ordea, erabat berririk edo ezezagunik. Ezuste bakarrenetakoa jakinezta ezagutu genuen mahats-landaregintza. Alegia, erdi afariketan ardandegiren bat bertatik bertara ikusteko asmotan abiatu eta, ezustean, “pépinière viticole” edo mahasti-mintegia ikusten amaitu. Beste modu batez esanda, ardogintza bertatik bertara ikusi eta dastatzera joan eta mahasti-landareak nola prestatzen dituzten behatzen bukatu.
Ez da antza jarduera oso hedatua, Wikipedian ez baita horren berririk ematen hiru hizkuntzatan baino. XIX. mendean Europan zehar zabaldu zen filosera izurritearen ondotik ekin omen zitzaion landaregintza honi.
Milioi bat landare burutzen dituzte, urtero, guk ustekabean bisitatu genuen baserrian, gero Mediterraneoko herrialdeetako (Maroko, Libia, Tunisia, Algeria, Espainia…) zein Ameriketako, Hego Afrikako eta Australiako ardogileei saltzen zaizkienak, ondoren tokian tokiko ardoa egin dezaten. Horra merkatu globalaren miraria: jatorriz Rodano haraneko mahats-landarexkek amaituko dute, atzenean, Kaliforniako nahiz Kataluniako ardantzetan hazten eta ardo-mota arras berdinezak eragiten.
Atsotitz txinarrak dioenez, onuragarriago omen da arrantzan irakatsi, arraina opa izan baino. Kasu honetan, nonbait, oinarrizkoagoa dateke mahats-landaregintzaz jabetzea, inoren kimuez mahastiak hazi eta ardoa egitea baino. Bertako etxekoandrea ez zen inondik ere txinarra baina garbi zuen zein den --haren irudiko, behintzat-- katearen sekuentziarik garrantzitsuena eta zailena: “Mahasti onez edonork egin dezake ardo ona. Eta mahasti onak hazteko landare aproposak baino ez dira behar. Non egiten dira, ordea, oinarri-oinarrizko landaretxo preziatuak? Gure mintegietan!”
Eta milioi bat mahasti-landare zabaltzen ditu, urtero, munduan zehar.
Pont du Gard (Gardeko zubia), akueduktu erromatarrik handiena omen. Unescoren "Gizateriaren ondare".