Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Pelotari” ikusteko aukera

“Pelotari” ikusteko aukera

Amatiño 2016/02/09 00:05
“Pelotari” filma 1964 urtean egin zuten, elkarlanean, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukert-ek. Nekez ikusi daitekeen dokumentala da, urteak joan eta urteak etorri interneten diktaduratik libro irauten lortu izan duelako. Hala ere, horra aukera, Donostiako San Telmo museoan, “1966 – Gaur konstelazioak – 2016” erakusketaren altzoan.

Gaur taldea

Gaur Taldea, 1966 urtean. Ezkerretik eskuinera: Ruiz Balerdi, Mendiburu, Oteiza, Puig (ez zen taldekidea), Chillida, Basterretxea eta Sistiaga. Amable eta Zumeta falta (Larrukert-en argazkia)

Amable, Basterretxea, Chillida, Mendiburu, Oteiza, Ruiz Balerdi, Sistiaga eta Zumeta artistek Gaur Taldea osatu eta aurkeztu zuten, Donostian, 1966 urtean. Modernitate-aldarri haren 50. Urtebetetzea ospatzeko, eta 2016ko Kultura Hiriburutzaren programaren barruan, haien edozenbat arte-lan bildu dira, bost aretotan, alegia: San Telmo Museoan, Okendo Kultura Etxean, Kursaaleko Kuboan, Tabakaleran eta Atzerri zein Kur galerietan.

Bat aukeratzekotan, San Telmoko erakusketa da, zalantzarik gabe, osotuena, eta bertan bildu da, hain zuzen, Larrukert-ekin batera Basterretxeak ekoiztu zuen “Pilotari” dokumentala*, Luis de Pabloren musika eta guzti.

Hamabi minutu baino ez dira (tente ikusi beharrekoak). Garai hartako estetikari eta epikari atxikitako moldeen fruitu da baina, zer nahi delarik, aukerarik bakarrenetakoa hainbat pilotari mitiko jokoan ikusteko, esaterako: Atano III.a, Gallastegi, Kortabitarte, Akarregi, Atano X.a eta Ogeta. Aurrenengo lauak erretiratuak zeuden ordurako eta gainerako biak, aldiz, bete-betean zirauten 1960ko hamarkadaren hasieran.

Eta ez dut uste eibartarkeriarik denik adieraztea, aukeran, sei pilotarietatik ikusgarriena, Migel Gallastegi bera dela. Kristoren estiloa! Ikusi bestela, eta esan.

Pilotari

 Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert, kamera-inguruan, 1960ko hamarkadan

* En la película se exhiben todas las modalidades de la pelota en un ritmo palpitante y cambiante, conformando los movimientos de los pelotaris una coreografía. Es clara la intencionalidad estética en el color, montaje y banda sonora. Hasta cuarenta pelotaris aparecen en esta realización en 35 mm Techniscope, que ganó la Medalla de Plata de la Sección Iberoamericana en el Festival de Bilbao de 1964 (José Julián Bakedano).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: