Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Organizazioa”

“Organizazioa”

Amatiño 2015/09/24 00:05
Jorge Fernández Díaz Barne ministroak gaur bertan esan du, ironia handiz: “libre geratzen diren ETAko guztiak mikrobus batean sartzen dira eta, atzotik, gidaririk gabe, gainera”. Seguru? Gidaririk gabeko "organizazioa" ote?

Orain dela 20 urte luze, Urola inguruan gertatua. Etxeko aita larri gaixotu, medikuari deitu eta zenbait hilabeteren buruan, aita zeharo osatu. Eskertu beharraren beharrez, seme-alabek medikua gonbidatu zuten bazkaltzera, herriko “soziedade” batera.

Otorduan, familia osoa eta medikua elkarrekin bazkaltzen ari zirela, horra non sortu zen ohiko gaia eta ondoko eztabaida: ETAren indarkeria eta inor hiltzeko zilegitasuna. Halako batean, medikuak, zer entzuten ari zen sinetsi ezinik, galdetu zion aurrean zuen semeari: “Baina, orduan, horrek esan nahi dik hi kapaz izango hintzala ni hiltzeko?” Eta semeak erantzun: “Organizazioak eskatuko balit, bai”. Medikuak entzun, jaiki, eta alde egin zuen hitzerdirik esan gabe.

Gertatuak hainbat hausnarketa nabarmen egiteko abagunea ematen digu:

Lehen eta behingoz adierazten digu zein izan den oraintsu arte ezker abertzalearen inguruko jende “normalaren” iritzia eta, segurutik, beste kuku batek joko ligukeela soinua egun, zenbaiten “matonismoaren” aurrean denok Urolako mediku horren moduan, denboraz eta isilik, jaiki izan bagina.

Urteak joan eta urteak etorri, ezker abertzalea estrategiaz aldatu dela baina, agerian behintzat, ez iritziz. Edo beste modu batez esanda, ez dakigula, oraindik, Urolako seme hori konturatzen ote den, gutxienez orain, bere aitaren medikua hiltzea gaizki dagoela eta zegoela, beti, nahiz organizazioak horrela agindu.

Are gehiago, Baigorrin ETAko bi  atxilotu berri dituzten honetan, Urolako gazte harek, lagunarte pribatuan, organizazio hitza erabili baitzuen eta ez ETA. Esangura dudana zera da: auskalo Iratxe Sorzabal eta David Pla indarrean jarraitzen duten ETAkide apurren buru ote ziren ala ez, baina benetan uste al dugu organizazioaren buruak zirena? Eta morroiak baino ez balira?

Baigorriko atxiloketaren ondotik hainbat adituk esan du “ETAren buruzagitza Frantzian zegoela eta orain, berriz, kartzeletara pasatuko dela”. Baina, benetan Frantzian al zegoen? Eta zein susmo dago pentsatzeko orain espetxeetara pasatuko dela?

Barne ministroak gaur bertan esan du, ironia handiz: “libre geratzen diren ETAko guztiak mikrobus batean sartzen dira eta atzotik, gainera, gidaririk gabe”.

Seguru? Gidaririk gabeko organizazioa ote?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: