“Mirentxu” euskal musika-ondarea
“Mirentxu” pastoral lirikoa sortze beretik atxikia izan zaio Bilboko Koral Elkarteari, ez baitzuen alferrik abesbatza bilbotarrak estreinako kantatu Jesus Guridiren lehen (1) opera hau Campos Eliseos antzokian, 1910 urtean. Geroztik, musikari gasteiztarrak hainbat egokitzapen egin zituen eta orain grabaturik geratu dena 1947ko bertsioa da. Bi aktotan, preludio bana eta guztira, 99 minututan, hamahiru kanta, euretariko hainbat guztiz herrikoiak bezain ezagun-ezagunak.
Bilboko Koralaren gazte eta nagusi-talde mistoen ahotsez gainera, grabazioa Unai Urretxoren zuzendaritzapeko Bilboko Orkestra Sinfonikoak bideratu du, Vanessa Goikoetxea sopranoa (Mirentxu), Carmen Artaza mezzosopranoa (Presen), Gillen Mungia tenorra (Raimundo), Dario del Castillo baritonoa (Txanton) eta Julen Garcia baritonoa (Manu), tarteko. Bilboko Koralaren bakarlariak, berriz, Urko Sangroniz baritonoa eta Adriana Fernandez zein Maren Sastre tipleak.
Adituek “euskal musika-ondaretzat” duten grabazioa eskuragarri dago honezkero hainbat plataforma digitaletan --Spotify, kasu-- eta CDa salgai IBS Classical diskoetxearen webgunean.
Honela osatu da hiru urtetan zehar Euskal Opera deritzan egitasmoa, “Maitena”, “Lide ta Ixidor” eta “Mirentxu” euskal operak berreskuratu eta behingoz grabaturik uzteko.
(1) 1920an aurkeztu zuen Guridik bere bigarren opera: “Amaya”.