“Txarrerako meteorologia” eta “tiempo revuelto”
Ez dut inondik ere uste mezu berbera denik euskaraz zein gaztelaniaz. Euskarazko moldea jatorra baldin bada, zergatik ez gaztelaniaz esan: “Cuidado, tiempo revuelto”? Edo, alderantziz, jatorra dena gaztelaniazkoa baldin bada, zergatik ez euskaraz jarri: “Arretaz, txarrerako meteorologia”?
Bai, badakit larregi behartzen dihardudana eta gauzak ez direna horrela itzultzen baina, esanak esan, ez al dago horren guztiaren atzekaldean, oharkabean, gaztelania goimailakatu nahia eta euskara, aldiz, xumetu beharra?
Ez naiz ni esamoldeak zailtzearen zale baina, horratik, errepideetan jartzen diren seinaleen eta abisuen betekizunak ere behar lirateke zentzuz ezarri. Esangura dut, unean uneko elur-erauntsia adierazteko ez dagoela bezperako meteorologia-partea aipatu beharrik, edo eguraldi nahasia gehiago dela eguraldi aldakorra, elurtsua baino.
Inork uste al du benetan, gauerdian eta elurretan ezer ikusi ezinik doan auto-gidariak “meteorologia adversa” edo “eguraldi nahasia” tankerako mezuak lagungarri izan ditzakeenik? Ez duen informaziorik eskaintzen diotenik? Ez al litzateke mesedegarriagoa izango uneko tenperatura adieraztea, izotz-arriskua gogoraraztea edo hurrengo orduetako eguraldi-iragarpena aurreratzea? Eta zergatik Forondatik Maltzagarainoko xafla guztietan mezu berbera?
Egia da, bai, honek guztiak abisuak lantzean behin eguneratzea eskatzen duela. Baina, hain zuzen ere, horretarako dira elektronikoak, ezta?