“Maixabel”
Maixabelek Iboni: “Nik nahiago dut Juan Mariren alarguna izatea zure ama baino”. Eta Ibonek erantzun: “eta nik nahiago nuke Juan Mari izatea, bere hiltzailea baino”. Elkarri adierazitako bi gogoeta esanguratsu hauek laburbiltzen dute Icíar Bollaínen filmaren proposamena.
Hau da, filma, ez dokumentala. Ez dira-eta datu zehatzak ekoizpenaren euskarria, zirrarak baizik. Ez dira bestelako informazioak (Buruntza, Jose Mari Korta, Santiago Oleaga, Mikel Uribe…) Ibon Etxezarretaren curriculum odoltsu bezain birrinduaz jabetzeko biltzen direnak, haren egonezinek, etsipenek eta isiluneek sortarazten dituzten sentimenduak baino.
Maixabel Lasa eta Ibon Etxezarreta, Luis Carrasco tarteko, bizpahiru uhartetxo baino ez dira gure historia triste honen benetako bake-bideratze itsasoan. Miresgarriak, gero, alargunaren ausardia, gizatasuna eta eskuzabaltasuna; eta hiltzaileak inoiz itxaro ez zukeen abagune baliagarria, berriz, haren nondik norako triskatuari nolabaiteko zentzua berraurkitu ahal izateko. Tamalez, ia anekdota bat besterik ez, nahita edo nahieztako errua aitortzeko adorerik ez dutenen zidor ainubean. Anekdota katartikoa, hori bai.
Zinema soilez, film luzetxoegia agian. Hainbat sentimendu ulertarazi nahi izateko, esan beharrik gabeko xehetasun eta hitz-jario larregitan sartzen dena, behar bada; horratik, aldi berean, beste hainbat datuz konturatzeko, ikusleari aldez aurreko informazioren jabe izatea eskatzen diona.
Erabat sinesgarri Blanca Portillo, Maixabel gisa (azkenean balirudike Maixabel berbera dela); ondo Luis Tosar (Ibon Etxezarreta) eta mundiala, bereziki, Urko Olaizola (Luis Carrasco).
Edozelan ere, gaur eta hemen, Euskal Herri gurean alegia, ikusi beharreko filma. Nekez egin diezaioke inori kalterik. Barreneko minik, oinazerik edo saminik bai, behar bada; inoiz ez, ostera, kalterik.