Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Maitasun agerraldiaz” ekin dio Euskadiko Orkestrak denboraldi berriari

“Maitasun agerraldiaz” ekin dio Euskadiko Orkestrak denboraldi berriari

Amatiño 2024/10/03 18:40
Gustav Mahleren (1860-1911) Bederatzigarrenaz eta Pascual Aldaveren (1924-2013) Akelarreaz ekin dio Euskal Orkestra sinfonikoak 2024-2025 denboraldiari. Edozein aukera ona baldin bada bohemiarraren handitasunaz jabetzeko, lesakarra jaio zeneko mendeurrena ezin aproposagoa, haren konposiziorik garrantzitsuena ezagutzeko (1).
“Maitasun agerraldiaz” ekin dio Euskadiko Orkestrak denboraldi berriari

Pascual Aldave, 1924-2013

Pio Barojaren “Urtubiko dama” narrazioan oinarritua, Akelarre ballet sinfoniko burlazkoa, 1986ean burutu zuen Aldavek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz, Aita Donostia eta Jesus Guridiren jaiotegunaren mendeurrena ospatzeko. Lau rapsodia dira, atzo (2) Donostian bigarrenaren bi mugimendu baino azaldu ez ziren arren: “Maitasun agerraldia” lirikoa eta “Euskal espirituen dantza” indartsua.

Musika-adituren batek Maurice Ravelen zantzuak sumatu izan dizkie Aldaveren konposizioei. Segurutik horrela izango da, oro har, baina atzokoa entzunez gero, behintzat,  Aldaveren musikagintzak Ravelenak baino askoz ere euskaldunagoa ematen du eta badirudi gehiago duela Guridirenetik ziburutarrenarengandik baino.

Pascual Aldave

Pascual Aldavek  (3) umetan ekin zion musika ikasteari Lesakako Victor Albistur organo-jotzailearen eskutik, urtetara (1947) Aldavek berak hartuko zuen ardura, hain zuzen. Musika-ikasketa ofizialak amaitu zituen Bartzelona eta Donostiako kontserbatorioetan, Jose Maria Iraola eta Francisco Escudero maisu izan zituela.

Parisen bizi izan zer 1954-1973 urteetan, eta gobernu frantsesaren bekaz konposizio eta orkestra-zuzendaritza sakondu zituen, Parisen bertan ez ezik, Londresen, Madrilen eta Donostian hainbat kontzertu eskainiz. Zenbait musika-eskoletan irakasle aritu zen eta baita Frantziako Irrati-Telebistan musikagile ere.1974ean Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioaren zuzendari gisa itzuli zen Nafarroara, non sortarazi zituen bertako korua eta orkestra-ganbera.

Hogeitaka ereslanen egile da, sinfonia, orkestra, koru, ahots zein pianotarako. Eta denetarik, garrantzitsuena, Pio Barojaren “Juan de Alzate” eta “La dama de Urtubi” testuetan oinarritua, Juan Mari Lekuona zenaren zenbait egokipenez.

1) Mahleren Bederatzigarrena unibertsala da eta edozein plataformatan aurki dezake edonork, baina Aldaveren “Akelarre”, nik dakidanez, Youtuben baino ez dago. Spotifyk ez du oraindik nafarraren berri jakin, nahiz zenbait eresi, hala beharrez, beste zenbait musikariren errepertorioaren barruan agertu, Josu Okiñenarenean, esaterako. Wikipediak, berriz, euskarazko sarrera besterik ez du.

2) Aurreko egunetan Gasteizen zein Bilbon, eta gaur, berriz, Iruñeko Baluarten.

3) Pascual Aldavek utzi zigun musika altxora ezagutzera eman nahi dugu". (Erran.eus Bortziriak)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: