Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Los conversos a la cola”

“Los conversos a la cola”

Amatiño 2017/04/16 08:05
“Tomamos las armas por el Pueblo Vasco y ahora las dejamos en sus manos, para seguir dando pasos al objeto de lograr la paz y la libertad en nuestro pueblo, porque para avanzar en la agenda de las soluciones hay que adquirir compromisos”. Honela amaitzen da, Baionako armagabetzea dela-eta, ETAk apirilaren 7an zabaldu zuen agiria.

Ez da egia. Argudio horrek balio zezakeen, behar bada, ETA sortu zenean, 1959an, Francoren diktadura militar gorriaren garaian; baina ez 1977tik aurrera, Franco hil, hauteskundeak egin, amnistia indarrean jarri eta espetxeak hustu zirenetik hona.

ETAk ez zeukan, agian, 1959an, euskal gizartearen iritziaz jakitzerik, baina hogei urte geroago, bai. ETAk egin zuen nahi izan zuena, baina Herri honen gehiengoaren iritziaren kontra. Erabaki zuen bere kasa, harro asko bere kautan, defenditu nahi omen zuen Herria oker zegoela. Herria oker, eta ETA bera zuzen. Berak salbatuko zuela Herri ezjakina demokraziaren amarruetatik; berak makurtaraziko zuela Estatua, eta berak negoziatuko zuela aurrez aurre Estatuarekin  alderdi politikoek lortzerik ez zutena. Orain ez omen du "vencedores o vencidos" eskemak balio, baina oraintsu arte, XXI. mendeko lehen hamarkada arte barrena, ETAk garaitu nahi zuen eta garaitzailearenak antzezten zituen.

Aldi eta egoera berean, ostera,  ETA politiko-militarrak erabaki zuen (1982?) armak uztea eta politikagintzaren aldeko apostua egitea. Onartu zuen hauteskundeen emaitzak saihestu ezinezko marra gorria zirela eta aitortu zuen euskal herri-erakundeez jabetzea ez zela euli-kaka.   Eta hainbat urte lehenago, zenbaitek, esaterako Txillardegik --zeini nekez ukatuko dio inork konpromisorik— utzia zuen ETA. Posible zen, beraz. Nahiz beste hainbatek bidea atzekoz aurrera egin, ETA (pm)tik ETA (m)era pasatzen alegia, Arnaldo Otegi bera kasu, 1984an. Ordurako Garaikoetxea lehendakari zen eta sortuak, besteak beste, Ertzaintza eta EiTB.

Hilaren 7ko agiri hori idatzi dutenek, armak entregatzeaz gainera, hizkera eguneratu beharko dute eta kutsu paternalistari muzin egiten ikasi. Euskal herria, euskal gizartea, euskal politika, euskal gazteria eta gainerako “euskal” guztiak, ETA baino dezente anitzagoak, zabalagoak, joriagoak, emankorragoak eta konprometituagoak dira, eta ez diote ETAri batere zorrik. Era berean, besterik uste arren –edo uste izango balute bezala hitzegin arren— ezker abertzale osoa ere, euskal gizartearen parte bat baino ez da, eta ez handiena.

Eta, mesedez, azken berrogei urtean ETA militarrak frogatu duen bortizkeria, 'matonismoa' eta antzutasun politikoaren ondotik, ez dakigula orain etorri “konpromisoak hartu behar direla” esaten. Hain zuzen ere, nor eta ETA, 1977an bakeari eta elkar bizikidetzari bizkar eman zien talde armatua! 1977an Euskal Herriak nagusiki aldarrikatu zuen politikagintzarekiko konpromisorik hartzeko gauza izan ez zen organizazio ez demokratikoa! Azken berrogei urteotan Herri hau eraikitzen saiatu diren erakundeak isekaz tratatu eta gutxietsi dituena! Gutxitxo zirela? Zer gehiago lortu dute ba geroztik?

Adierazpen hori idatzi dutenek ez dute gero pentsatuko atzerritik eta kartzelarik bueltan aurkituko duten gizartea berez, inoren konpromisorik gabe,  eraiki, osatu eta garatu denik, ezta? Juan Ajuriagerrak Dionisio Ridruejo faxista ohiari esan zionez: “los conversos a la cola”

felipe
felipe dio:
2017/04/16 12:08
1977 arteko erailketak nola aztertuko ditugu Amatiño jauna? Eraildakoak merezia zuten heriotza Amatiño jauna?
Amatiño
Amatiño dio:
2017/04/16 23:30
1. Ondo baderitzazu, elkarrekin, Felipe jauna.

2. Ez, Felipe jauna.
felipe
felipe dio:
2017/04/17 20:28
Orduan, zertara dator urteen bereizketa ori? Meliton Manzanas erail zuten Meliton Manzanas zelako. Joseba Goikotxea erail zuten Joseba Goikotxea erail zutelako baina, hainbat eta hainbat guardia zibil, polizi edo ta ertzain erail zituzten izenik gabeko pertsonak. Beraiek erabiltzen zuten jantziaren barrenean, izen eta abizen zituen pertsonak zeuden eta, ahaztu egin ditugu. 1977 aipatzen dezu ez dakit nolako urtea bezela baino, urte horren aurretik eta geroztik eraildakoak errespetu berberaz gogoratu behar genituzkeela iruditzen zait.
felipe
felipe dio:
2017/04/17 20:32
Los conversos a la cola? Eta jun jarriko genuke Sabino Arana? Breve Historia de Euskadi irakurri besterik ez dago.
Amatiño
Amatiño dio:
2017/04/17 21:17
Zuk galdetu zenidan: 1977 arteko erailketak nola aztertuko "ditugu"?
Eta nik erantzun: "elkarrekin" (zuk eta biok elkarrekin, alegia).
Esan nahi nuen ez naizela ni hemen dena esan behar duen bakarra. Zuk ere iritzia eman dezakezula. Eta eman duzu.
Dena den, iritzirik zabalduenaren eta onartuenaren arabera, ez da berdina indarkeriaren zilegiztasuna, diktaduraren ala demokraziaren kontra izan.
Amatiño
Amatiño dio:
2017/04/17 21:23
Non jarriko ote genukeen Sabino Arana? Orain ere aditz-forma plurala erabili duzu. Zuk nahi duzun lekuan jarri.
felipe
felipe dio:
2017/04/18 16:21
Jarri, bakoitzak nahi cuen tokian jarri beharko luke Sabino baino, beti bezala geien interasatzen den tokian beti bezala. Historia, egia kontatzea homen d, esan izandu didate. Hemen ere egia agian bai baina. ez egi guztiak.
Indarkeriaren bereizketaz esan nahi nuena zera da. Pertxonok bizitzeko eskubide osoa dugula naiz diktaduran izan edo demokrazian. Nik beintzat maila berean jartzen dituk erailketa horiek.Indarkeriaren zilegi tasunari ere, bakoitzak jartze dio bere onarpena edo ez onarpena. Nere ustetan onarteziña bejarko luke Guardia Zibil baten erailketa lehen eta orain jantzi berdea duelako bakar bakarrik. Jantzi horren barruan, izen eta abizenak dituen pertson arrunta bat dago bere familia eta denakin, gainantzeko guziak bezela. Diktaduran edo Demokrazian, Guardia Zibil hori pertson berbera da.
ETA pm izugarriak eta bi egin zituen eta, dena ahaztu genuen berehala eta, oraingoa ere ahaztuta dugula usten dut.
I. Yañez
I. Yañez dio:
2017/04/27 15:03
Felipe: GZek diktaduran egin zutena defendatzen zabiz? (Orduan ere "pertsona arrunta" zegoen uniformeen barnean).
Eta 'demokrazia' espainolaren garaian uniformedun armatu hoiek egi(te)n dituztenak ere (errepresioa, erretentzio eta atxiloketa ilegalak, torturak...) defendatzen ari zara, zeharka bada ere?
Seriotasun apur bat, gaia oso serioa eta larria delako. Inork ez du beste inor hil jantzi soil batengatik edo familiadun "pertsona arrunta" izateagatik, halako uniformedunak era jakin batean beste batzuen kontra edo herri baten kontra jokatu izana argudiotzat hartuta baizik, oker egon edo ez.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: