“Lide ta Ixidor”, 112 urte geroago
Juanjo Oconen eta Ana Huarteren batutapeko Euskadiko Orkestraren lankidetzaz eta Bilboko Koraleko Enrike Azurza eta Jose Luis Ormazabal koru-zuzendarien ardurapean, bertan parte hartu dute, besteak beste, Marta Urbieta (Lide), Maite Maruri (Ixidor), Olatz Saitua (amandrea), Larraitz Navas (sorgin ona) eta Gorka Unamuno (deabrua, gaztelaniaz) bakarlariek. “Lide ta Ixidor” da sekula izan den euskarazko lehen haur-ipuin (Alfredo Etxabe, 1872-1926) musikatua (Santos Intxausti, 1868-1925).
“Lide ta Ixidor” haur-ipuin lirikoaren lehen grabazio hau “Euskal Opera” berreskuratzeko programaren bigarren emaitza da. Aurrena izan zen iazko “Maitena” (Charles Colinen musika eta Etienne Decrepten libretoa) pastoral lirikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoaz, eta hirugarrena eta azkena izango da, datorren urtean, “Mirentxu” (Jesus Guridiren musika, Alfredo Etxaberen libretoaz).
Aipagarri ere, Jesus Mari Sagarna musika-irakasle eta konposatzailearen lan eskerga, bere maisutzapean egin dira-eta hainbat moldaketa, egokitzapen eta laburpen, jatorrizko elkarrizketak eta isiluneak moztu behar izan direnez gero azken grabazioari ekin aurretik.
Hiru erestiak dira XX. mendearen hasieran euskal musikagintza klasikoak ezagutu zuen urrezko garaiaren lekuko eta adierazgarri, 1909tik 1912ra bitartean ez baitziren alferrik sei opera burutu eta Bilboko Filarmonika Elkartearen (1896) antzokian aurkeztu, Bilboko Koralaren (1886) bultzadaz, Alfredo Etxabe zelarik elkartearen lehendakari.